"Iruña-Veleian ondarearen kontrako atentatua egin dute eta delitu hori kode penalean dago"

Lander Muñagorri 2010eko azaroaren 22a

Roz Frank hizkuntzalari estatubatuarra Euskal Herrian izan da. Iowako unibertsitateko irakasle emeritua da. Euskaran aditua eta euskaltzalea. Iruña-Veleiako auzia ondo ezagutzen du. Eusko Ikaskuntzako kidea da duela 20 urte baino gehiagotik. Hizkuntzalaritza kognitiboaren gaineko hainbat lan idatzi ditu. 50 argitalpen baino gehiago eta horietatik gehienak euskarari eta euskal kulturari buruzkoak. Munduko unibertsitate ospetsuenetan ibilia da berbaldiak egiten.

Nondik datorkizu euskararekiko eta euskal kulturarekiko jakin-mina?
70eko hamarkadaren hasieran izan zen. Garai hartan nire doktoretza bukatua nuen eta El Quijote irakasten hasi nintzen Iowako Unibertsitatean. Doktoretza ikasketetan filologia erromanikoa eta literatura oso gai inportanteak ziren, eta gaztelaniaren historia ere bai. El Quijote idazlanean agertzen den El Vizcaino pertsonaia topatu nuenean, haren izaera eta hitz egiteko modu berezia oso deigarriak egin zitzaizkidan, batez ere gizon hark erabiltzen zituen hitzen formak. Eta handik sortu zitzaidan nire lehenengo euskararekiko jakin-mina. Gero, euskarazko pare bat barnetegi egin nituen, eta Iowara ingelesa ikastera zetozen euskaldunak etxean hartzen hasi nintzen. Poliki-poliki joan nintzen euskara eta euskal kultura jabetzen eta herri honetaz zaletzen.

Hedabideetatik Iruña-Veleiako aferari buruzko iritzi kontrajarriak iristen zaizkio irakurleari. Zer da sinistu behar duena?
Askotan, hedabideetan agertu diren iritziak irakurtzea ez da nahikoa lehenago gertatu dena eta orain gertatzen ari dena ondo ulertzeko. Afera garrantzi  handikoa eta konplexua denez, behar den moduan ulertzeak beste zerbait eskatzen digu. Esate baterako, euskal idazkunen gaian sakontzeko komenigarria da Juan Martin Elexpururen Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak (Elkar 2009) irakurtzea; eta ezinbestekoa SOS-Veleia Plataformaren webgunean arakatzea.

Eliseo Gil eta Idoia Filloyren lana ezbaian jarri da.
Metodologia ez da ezbaian jarri, idazkunen egiazkotasuna baizik. Gehiago esango nuke: nazioarteko aditu ezagunetako batek ontzat eman du Gil eta Filloyen indusketa-lana, arreta handiz egina dagoela esanez eta honela azpimarratuz. Edward Harris doktorearen txostenak esaten du hau eta hura da mundu mailan autoritate nagusia arkeologian, Harris Matrix izeneko metodologia asmatu zuena 1973an.

Diputazioaren grafologia txostenek ez dute demostratu grafitoak faltsuak direla?
Grafitoak faltsutzat eman ziren behar bezala aztertu baino lehenago. Eta bitxia izan da txosten grafologikoekin gertatu dena. Hasieran foroetan idazten zuen jendeak eta gero batzordekideek esaten zuten grafitoak faltsuak zirela, baina inork ez zuen euren egiletzat Eliseo Gil hartzen. Errudunik aurkitzen ez zutenez, Diputazioak txosten grafologiko xelebre batzuk enkargatu zituen Gil errudun bihurtzeko. Ez buru eta ez hanka ez duten txostenak. Horietaz baliatuz seinalatu dute Gil, Lorena Lopez de Lacallek eta zenbait egunkarik, Berria-k tartean. Zorionez, ez epaileak eta ez iritzi publikoak ez dute sinistu gezur hori.

Laborategiak egiten dituen analisien datuak argigarriak izango dira azkenean?
Baietz pentsatzen dut. Idazkunak zaharrak ala berriak direla jakingo dugu azkenean. Epaileak agindu du Guardia Zibilaren kimika laborategian grafitoen analisiak egitea. Horretarako, analizatu nahi zituzten piezen zerrenda bat bidaltzeko eskatu zien bi parteei. Lurmenek berehala bidali zuen, baina Diputazioak, nik dakidala, ez du oraindik zerrenda entregatu, nahiz eta epaitegitik hiru aldiz eskatu.

Ikerketa bide onetik doa?
Hala dirudi. Hasieran egin behar zena egiten hasi dira azkenean. Munduko edozein tokitan pieza baten antzinatasuna zalantzan jartzen denean, laborategiko azterketa fisiko eta kimikoak egiten dira. Esate baterako, 1995ean Shernborneko hezurra aztertu zuten eta oraintsu Floridan agertutako mamut hezurreko marrazkia aztertu da Floridako Unibertsitatean. Izan ere, froga fisikoak objektiboak dira, iritzi edo uste filologikoen mendekotasunik gabekoak.

Iruña-Veleiako kasuan filologoen iritzia arkeologoen ebidentzien gainetik jarri dela iruditzen zaizu?
Balio handiagoa eman zaio filologoen iritziari arkeologoenari baino. Eta argi dago filologoek laborategiko analisi zientifikoen aurkakoak zirela (eta direla). Berria-k Lakarra eta Gorrotxategiri egindako elkarrizketan garbi ikusten da hori. Baina hainbat euskal filologo entzutetsu ez dator bat aipaturiko biekin. Henrike Knörr zena bera ere ez. Zoritxarrez, erabakia hartu baino lehen hil zen.

Julio Nuñez irakaslearen lan egiteko modua ezbaian jarri da.
Interneten Sos-Veleiak jarri dituen bideoak eta argazkiak ikustea aski da Nuñez sarraski handia egiten ari dela ikusteko. Hondeamakina handi bat erabiliz geruza arkeologikoak suntsitu ditu leku askotan. 1,50 metroko sakoneraino hustu du, beheko harria jo arte, azaleko laborantza lurra 30 zentimetro ingurukoa denean. Eta hori bazekiela Lurmenek egindako argazki eta indusketatik oso leku aberatsak zirela arkeologia aldetik. Hala ere, Arabako Diputazioak esan du oso ondo ari dela lanean. Azkenaldian, munduko arkeologo askorekin hitz egin dut honetaz, irudiak ikusi dituzte eta oso harrituta daude. Estratrigrafia guztiz suntsitzen ari direla esaten dute eta ez dute ulertzen nola norbaitek ez duen geratzeko agintzen.

Indusmakinekin lanean aritu direneko ebidentziak jarri ditu SOS-Veleiak bere webgunean.
Material ugari dago SOS-Veleiako webgunean edonork ikusteko moduan. Aztarnategian hartutako argazkiak eta bideoak. Txosten berriak laster ipiniko dira webgunean.

Lan egiteko modu hau delitu izan daiteke?
Jakina, ondarearen kontrako atentatua egin da eta delitu mota hori tipifikatuta dago kode penalean.

Lan egiteko ze mota beharko litzateke Iruña-Veleian?
Indusketarik ez litzateke egin behar auzia sub judice dagoen bitartean, grafitoen benetakotasuna erabaki bitartean. Lan egiteko erari dagokionez, denek diote lehen aipatutako Harrisen metodologia oso egokia dela, Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk aplikatzen zutena, hain zuzen.

Etorkizunean sinesgarritasuna berreskuratu ahal izango du aztarnategiak?
Analitikek grafitoak zaharrak direla frogatzen baldin badute –eta nik uste dut hala izango dela–, Iruña-Veleiaren izena ozen entzungo litzateke alde guztietan. Mundu mailako ospea lortuko luke eta jende asko hurbilduko litzateke, adituak eta ez adituak, grafitoak ikustera eta haien gaineko azalpenak aditzera. Baina gaur egun errealitatea beste bat da. Eliseo Gil eta Lurmeneko kideak zapalduta eta auzipetuta daude, grafitoak faltsutzat jota eta mundu mailako ondare oso garrantzitsu bat zakartegira joateko arriskuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak