Rocka, punka eta metala nagusi Danbakaren hirugarren emanaldian

Amaia Txintxurreta Guridi 2010ko aza. 19a, 14:41

Danbakako IV. edizioak aurrera segitzen du. Egubakoitz gauean musika kontzertuak izango dira Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Oraingoan, honako talde hauek igoko dira agertoki gainera: Abadiño eta Durangoko Doctors Klub, Bergarako Rombos Negros, Mutrikuko Karpovian Projekt eta Oñatiko Ez!

Taldekiden aurkezpen bideoak danbaka.com edo youtube.com/danbaka helbideetan dituzue.

 

Aurrekoetan bezala, hirugarren emanaldi horretan ere saria zozketatuko da egubakoitz gauean Espaloian batzen direnen artean. Oraingoan Arrasateko Ganesha tatuaje-dendako tatuaje-bonu bat irabaziko du Danbaka lehiaketako zale batek.

Bestalde, kontzertuetarako sarrerei dagokienez, gogora ezazue Gaztekutxarekin salgai daudela, hiru euroren truke. Espaloiko leihatilan bertan hartzea nahiago dutenek bost euro ordaindu beharko dituzte.

Doctors Klub

Abadiño eta Durangoko Iraultzak, Jonkolek, Ehiarrek, Aritzek eta Urtzik osatzen dute Doctors Klub taldea. Orain dela bi urteko udan elkartu ziren Aritz eta Urtzi lehenengoz Tabira parkean, ilargipean inprobisatzeko asmoz. Bi abesti eginda zituztela, Iraultza batu zitzaien erritmo psikodelikoekin baterian, eta Jonkol bere punteatzearekin. Azkenik, Ehiar sartu zen taldera. 2009an euskaraz eta ingelesez abestutako zortzi kantu grabatu zituzten euren kontura lokalean.

Rombos Negros

Rombos Negros hirukotea 2004ko udaberrian sortu zen. Navak (gitarra eta ahotsa) eta Emborujok (bateria) jarri zuten proiektua martxan, Gasteizen. Handik hilabete gutxira, Bergarako Mikel (baxua) sartu zen. Punk-rock musika egiten dute eta gaztelaniaz abesten dute. Hirukote horrek ez du gaur egungo gizarte edo politikaz jarduten; bizitzan zehar pasatutakoekin egiten dituzte abestiak, eta horiei originaltasun ukitua ematen saiatzen dira.

Karpovian Projekt

Rock-metal progresiboa egiten duen taldea da Karpovian Projekt. Zenbait kidek elkarrekin aspalditik jotzen badute ere, 2008ko abuztura arte ez zen elkartu gaur egun taldea osatzen duen boskotea: hain justu ere, Beñat (ahotsa), Aner (gitarra), Iker (gitarra), Iñaki (baxua) eta Aymar (bateria). Euskaraz abesten duen talde horrek Mutrikuko Udalaren lokaletan entseatzen du.

Ez!

Rock estiloko talde hori 2007ko irailean sortu zen. Honako hauek osatzen dute: Lasa, Mikel, Beñat eta Josuk. Lehenengo kontzertua Arrasateko Gure Leku tabernan eskaini zuen laukoteak eta orduz geroztik 20 kontzertu inguru eman ditu inguruko herrietan. Laster, Lorentzo Recordsera joango dira, Berrizko estudiora, Aitor Ariñorekin diskoa grabatzera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak