Kase.O: "Gorrotoa beharrean, nahiago dut hitzetan maitasuna aldarrikatu"

Edu Mendibil 2010ko aza. 17a, 17:18

Violadores del Verso taldeko Javier Ibarra (Zaragoza, 1980) Kase O. Jazz Magnetism taldearekin dabil aspaldi honetan. Zapatuan, emanaldia egingo dute Elgetako Espaloia Kafe Antzokian, 22:30ean. Egubakoitzean, Kase.O-ri egindako elkarrizketa irakurri ahal izango duzue Goiena paperean. Horra hor aurrerapen bat.

Jazza da ikuskizunaren oinarria, ala?
Jazzaren tradizioan eta hip-hopean oinarritutako ikuskizun musikala da Elgetara ekarriko duguna, baina rockak, bluesak eta funkak ere euren tartetxoa daukate... Bi urte daramagu elkarrekin eta gustura ari gara.
Nola hasi zen elkarren arteko kolaborazioa?
Zaragozan izan zen, hango jazz zirkuitu baten. Raperoak parte hartzen hasi ginen eta poliki-poliki jendea ezagutu nuen... Horrela, Hugo Astudillo saxo-jotzaileak Bartzelonara gonbidatu ninduen; Meeting Point taldean ibilitakoa da eta bazuen hartu-emana gainerako taldekideekin: Daniel Comas gitarra (Grove Station), Juan Pablo Balcazar kontrabaxu  eta baxu elektrikoa (The Heckler taldeko liderra) eta Dani Dominguez bateria (Llibert Fortuny eta beste talde askotan ibilitakoa). Egia esan, magia egiten dute musikarekin, eta hortxe nabil, ikasteko ahaleginetan... Musika kultura izugarria daukate eta alde horretatik zorteko naiz, Dream team-ean jokatzea moduko esperientzia izaten ari delako.
Jazz musikarien artean zeintzuk dira zure kuttunenak?
Asko daude: Bob James piano-jotzailea, Oscar Peterson kanadiarra (lagun moduko bat ia-ia), John Coltrane, Miles Davis, Herbie Hancock...
Zure diskografian jazzeko disko mordoa ei dituzu...
Bai, diskografiaren erdia musika beltzak osatzen duela eta beste erdia jazzekoa dela esango nuke. 
Eta disko bakar bat nabarmentzekotan?
Bob Jamesek 1974an kaleratutako One diskoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak