Leihoak aldatzeko asmoa dutenek edo dagoeneko egin dutenek (urriaren bata baino beranduago egin badute, beti ere) Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez abian jarri duen Renove planeko diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Jasotako diru-laguntzak eginiko inbertsioren %22a finantzatuko du eta gehienez 1.200 euro jaso ahal izango dira. Ohiko etxebizitzei dago zuzenduta laguntza.
Aurtengo Renove Plana berrikuntzekin dator. Izan ere, oraingoan 1,4 milioi eurokoa da aurrekontua, aurrekoan baino askoz xumeagoa, 7,5 milioi euro izan baitziren orduan zeregin horretara bideratutakoak.
Horretaz gain, aldaketa nagusia da oraingoan lanak eginda egon beharko direla diru-laguntza eskatu ahal izateko. Aurreko Renove Panean, aurretiaz egiten zen diru-laguntza eskaera eta gero epe bat izaten zen lanak egiteko; oraingoan, ordea, lehendabizi lanak amaitu behar dira eta gero diru-laguntza eskatu. Beraz, Bolibarrek egiten duen gomendioa da ahalik eta azkarren hastea leihoak aldatzen, baina gaineratzen du diru-laguntza gabe gelditzeko arriskua kontuan hartuta ekin behar zaiela lanei.
Izan ere, urriaren bataz geroztik leihoak aldatu dituzten guztiek dute Renove Planean sartzeko aukera. Eskaera egiteko amaiera data berriz, urtarrilaren 31 da. Hala ere, aurretiaz amaitzen badira aurreikusitako 1,4 milioi euroak plana bera ere amaitutzat emango da.
Etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzea da helburua.