Oñatiko Turismo bulegoak eta Eskoriatzako Azkoaga Enea hotelak irisgarritasun zigilua lortu dute

Euskal Autonomia Erkidegoko 140 turismo-establezimenduk lortu dute irisgarritasun zigilua. Ziurtagiri horren bidez egiaztatzen da edonork erabil ditzakeela establezimendu horretako zerbitzuak, baita mugak dituztenek ere, eurentzako pentsatutako erraztasunak aurkituko dituztelako.

Turismo-establezimenduetan kalitatezko turismo-zerbitzu seguru eta erosoa emateko premiatik sortu zen irisgarritasun zigiluaren ekimena.  Zigilu horretan bost gutxitasun hartzen dira kontuan: intelektuala, organikoa, fisikoa eta entzumenari eta ikusmenari eragiten diotenak.

Irisgarritasun Turistikoaren Euskal Programaren helburua da erkidegoko turismoari kalitatea gehitzea. Horrela, programak laguntza eskaintzen die turismo-establezimenduei hazkunde-fasean dagoen publikoa erakartzeko eta euren irisgarritasuna hobetzeko.

Oñatiko Turismo bulegokoak ia urte t’erdiz egin du lan eskainitako zerbitzuak guztiendako irisgarriak izan daitezen; horretarako, establezimendua egokitu eta bisita gidatu irisgarriak antolatu dituzte.

Eskoriatzako Azkoaga Enea hotelean ere, hainbat lan egin dituzte: arranpak ipini, argi edo berogailuetako aparatuak eskura jarri eta komunak egokitu, esaterako.

Kalitate gorenerako bidean beste urrats bat egin dute beraz bi establezimenduok, baina hala ere, etengabeko hobekuntza dute helburutzat.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.