Hamar minutuan agortu dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saiorako 400 sarrerak

8:00etan jarri dituzte salgai Eskoriatzako kiroldegian, Intxaurtxuetan, eta 8:10ean ez zen alerik geratzen. 6:45ean iritsi da kiroldegira azaroaren 27ko saiorako 400 sarreretako batzuk eskuratu gura zituen lehenengo laguna.

7:00etarako zortzi lagun baziren ilara egiten. Dezenteko luzera hartu du azkenerako, eta ilara erdia sarrerarik erosteko aukerarik gabe geratu da. Izan da hogei sarrera erosi dituenik ere. Intxartxuetan adierazi digutenez, goizean sarrerak erosteko kiroldegiko atean bildu den jende gehiena Arrasatekoa eta Aretxabaletakoa zen.

Izan ere, Eskoriatzako ikastetxeetan –eta Leintz Gatzagan– aurrez zituzten salduak beste 1000 sarrera. Eskoriatzako haurrei lehentasuna eman guran, ume bakoitzari bi sarrera erosteko aukera eman zieten eta, honela, 400 sarrera baino ez ziren geratu leihatilan saltzeko.

Hauek ere salduta, dagoeneko ez dago Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Eskoriatzako saioa ikusteko sarrerak eskuratzeko beste modurik. Azaroaren 27an, 17:30ean Intxaurtxuetan egingo dute "Ongi etorri... Pupu eta Lore" ikuskizun berriaren aurkezpena. Kantxaren gehiegizko edukiera dela-eta, inor ezingo da sarrerarik gabe saiora sartu, adina edozein dela ere.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.