Arrasaten egongo da Lanbide enplegu zerbitzuaren Debagoieneko bulegoa

2011ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua eta orain arteko sistemarekin alderatuta, hainbat aldaketa ekarriko ditu. Deigarriena, hemendik aurrera enplegu edo ikastaro eskaintza bati uko egiten diotenak zigortu egingo dituztela.

Eusko Jaurlaritzaren Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzu berrituak hartuko du bere gain datorren urtetik aurrera enplegu politika aktiboen kudeaketa. Hasiera baten, langabezia prestazioek Espainiako Gobernuaren eskuetan jarraituko dute baina langabezia saria jasotzen duten langabeen kontrola Lanbidetik egingo da.

Debagoieneko bulegoa, Arrasaten

Baliabideei dagokionez, hainbat xehetasun ere eman dira. Hala, martxan jartzen denean, 575 pertsonak lan egitea aurreikusten da 30 bulegotan banatuta. Asmoa da  bi urte barru  bulegoak 44 izatea, eta langileak, epe ertainera, 750. Aipatzekoa da gainera, lurralde ordezkaritzak egon beharrean, ordezkaritzak eskualdekakoak izango direla.

Debagoienaren kasuan, bulego bakarra egongo da, Arrasateko SPEEren, garai bateko INEMen egoitzan, hain zuzen ere. Bertan galdetuta, esan digute aurreikusten dela bertan lanean diharduten 16 langiletatik 6 Lanbidera pasatzea.

Gaur egun, Lanbidek berak ere badu ordezkaritza Debagoienean, Aretxabaletako Lanbide Heziketa institutuan, hain zuzen ere. orain arte bezala jarraituko dute bertan, lanerako eta formaziorako orientazio zerbitzua eskaintzen.

Zigorra uko egiten dutenentzat

Zerbitzu berriaren aurkezpenean esandakoen arabera, erantzunkidetasunaren bidezko aktibazioan oinarritutako eredua bultzatu gura dute: gauzak horrela,  langabetua lan bila lanean ari den pertsona bezala ikusten dute eta ondorioz, subsidio pasiboari pizgarriak kendu gura dizkiote. Bide horretatik dator enplegu zerbitzu berrituak dakarren aldaketa handiena.

Hala, hemendik aurrera langabezian dagoen pertsona batek enplegu edo ikastaro eskaintza bati uko egiten badio kendu egingo zaio diru sarrerak bermatzeko errenta, garai bateko oinarrizko errenta. Lanbidek berak kudeatzen du errenta hau.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren esanetan, egun 53.000 familiak  jasotzen dute errenta hori. Horietatik %36 pentsiodunak dira, eta gainerakoen erdia, laneko ordaina eta errenta partekatzen ditu eta beste erdiak, errenta bakarrik jasotzen du. azken hauei aplikatuko zaie neurria.

Baina eskaintza bati uko egiteak ez du eragina oinarrizko errentan bakarrik izango, langabezia sarian ere izan ditzake ondorioak. Izan ere, lanbidek izango du eskumena diziplinazko kontuetan eta horren ondorioz, langabezia saria jasotzen egon eta eskaintza bati uko eginez gero, Lanbidek administrazio zentralari jakinaraziko dio, dagokion zigorra ezartzeko.

Gazteak eta emakumeak

Sailburuaren esanetan, asmoa da langabeek prestazioak amaitu aurretik bilatzea enplegu berria. Formazioa eta enpleguaren sustapena dira lanbideren beste zutabeetako batzuk. Hala, gazteen enplegurako politikak lehentasunetako bat izango dira, eta zentzu horretan plan berezi bat abiaraziko dute. Emakumeak lan munduan sartzea da beste helburuetako bat, eta horretarako etxeko lana eskubideak dituen enplegu bihurtzen saiatuko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.