Gurasoei eta hezitzaileei bereziki zuzendutako ikastaroa da, eta asmoa da prestakuntza ematea norbera eta ingurukoak hezten laguntzeko. “Gauza batzuetan oso garbi daukagu ondo hezteko zer jakin behar dugun; adibidez, matematikak, hizkuntzak... Baina beste kontu batzuetan zailagoa da horiek zehaztea", azaldu du Baketik zentroko ikastaro arduradun Begoña Gomezek. "Ez dakigu zer ikasi behar dugun bakean hezteko, edo zer jakin behar dugun bakardadeari edo sufrimenduari aurre egiteko. Erantzun horiek topatzea ez da erraza. Horiek guztiak landuko ditugu Baketik-eko guraso eskolan”.
Bizizkasi pedagogia
Norberaren bizipenaren kontzientzia izanik eta horretatik ikasiz gure burua hobe dezakegula erakusten du Bizizkasi pedagogiak, eta Izan Proposamena Bizizkasi pedagogiarekin bateragarria da.
Izenematea zabalik
"Ikastaroetan parte hartu gura duten guztiak etor daitezke”, esan du Gomezek. Esparru teorikoa eta praktikoa landuko dituzte, “egunero sor daitezkeen arazoak aztertu eta landuko ditugu”.
Bost orduko lau saio proposatzen dituzte. Eskolak azaroaren 20an abiaraziko dituzte eta gainerako saioak abenduaren 18an, urtarrilaren 15ean eta otsailaren 19an egingo dituzte. Prezioa ikastaro bakoitzeko 45 euro da.
Interesatuek hiru bide dituzte izena emateko: 943 25 10 05 telefonora deituta; baketik@baketik.org helbidera mezua bidalita; edo, www.baketik.org helbidean. Informazioa gura duenak bide berberak erabil ditzake.