Indigenek eurek egindako zinema, Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin

Azaroaren 9an hasi eta abenduaren 1a bitartean zinema sozialaren emanaldiak egingo dira Arrasate, Eskoriatza eta Arrasaten Elkarhezitzen eta Mugarik Gabe erakundeen eskutik.

Goizean Arrasaten egindako aurkezpenean bi erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez,  aurrez bakoitzak bere aldetik antolatu izan dituzte halako zinema emanaldiak baina askotan nahasmena sortzen zela eta, elkarlanean aritzea pentsatu dute aurten. Batera aritzea aberasgarria izango dela ere adierazi dute.

Indigenek eurek egindakoak

Antolatzaileen hitzetan, emanaldietan eskainiko diren ikus-entzunezkoak  indigenek eurek egindakoak izateak errealitatea euren ikuspuntutik jasotzeko aukera ematen du. Herri indigenen gaia zergatik aukeratu duten azaltzean, zehaztu dute era berean, herri indigenak munduko biztanleriaren %5 izanda, aniztasun kultural eta linguistikoaren %90en jabe direla, eta bioaniztasunaren %70ena. Gaineratu dute horrek, ama lurra eta hizkuntza zaintzeko orduan egiten dugun lanari buruz hausnartzeko balio beharko ligukeela besteoi.

Emanaldien ostean gainera, berauetan lantzen diren ideiak eztabaidatzeko aukera egongo dela ere aurreratu dute, indigenen euren presentziarekin.

Elkartrukerako aukera

Ino Galparsoro Arrasateko alkatea ere egon da aurkezpenean. Bere hitzetan, emanaldi hauek aukera ona dira egungo ekonomia neoliberalak izan ditzakeen eraginez ohartarazteko, , baita jakiteko herri indigenek zer nolako ekimenak burutzen dituzten euren identitateari eusteko ere. Hala herritarrei emanaldietara joateko gonbitea luzatu die,  bere esanetan, besteen errealitatea ezagutzeak, eurengandik ikasteko aukera ematen digulako, baita ekimen komunak burutu eta elkarlanean aritzekoa ere.

EGITARUA

Eskoriatzan

Eskoriatzan hasiko dira emanaldiak,  eta bertan, Ibarraundi museoan dira denak, hitzorduak, 19:00etan: azaroaren 9an 13 pueblos en defensa del agua , azaroaren 16an El velo de Berta eta azaroaren 23an Soy defensor de la selva.

Arrasaten

Arrasaten da hurrengo txanda, Kulturaten, 18:30ean, azaroaren 24an, azaroaren 29an eta abenduaren 1an. Kasu horretan, filmen ordena honako hauxe izango da: Soy defensor de la selva, 13 pueblos en defensa del agua eta El velo de Berta

Oñatin

Bukatzeko, Oñatin azaroaren 12an eta azaroaren 19an egingo dituzte film emanaldiak, kultura etxean, 19:00etan. Oñatiren kasuan, El segundo desembarco eta 13 pueblos en defensa del agua filmak emango dituzte. Azken honetan, buruzagi indigena bat izango da gonbidatua.

Esan behar da era berean, azaroaren 19, 23 eta 24ean egingo diren emanaldietan, Janeth Cuji, ONAIEko (Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioa) komunikazio arduraduna izango dela gonbidatua.



ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.