Mondrak Trintxerperen kontra galdu zuen zapatuan Mojategin. Iker Lopezek berdintzeko gola egin eta kanpokoak bat gutxiagorekin geratu ziren arren, azken minutuan bigarren gola egin zuten Arrasateko atzealdearen hutsa aprobetxatuta.
Aretxabaletak Pasaian galdu zuen 2 eta 0, bi kornerretan gola jasota. Pasaitarrak baino gehiago izan ziren UDAkoak –12 korner atera zituzten lehenengo zatian–, baina ezin golik egin.
Bergarak bai, egin zuen gola, aurrena gainera. Baina lehenengo zatian egindako lan onari jarraipenik ez zion eman eta bigarrenean zelaian lekua galduta Ordizia nagusitu zen azkenean.
Eta Aloñak bosgarren partidua galdu zuen jarraian, oraingoan Hondarribiarekin, eta bosgarrenez golik egin gabe geratu zen gainera. Ahalegin horretan ari zela, kontraerasoan egin zuten eurena kostaldekoek, azken minutuetan.