Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2010ko urr. 29a, 10:59
Aste bukaera luzea daukagu aurretik eta badago zerekin disfrutatu. Musika, antzerkia, ospakizunak eta azokak nagusi aste bukaeran. Jarraian dituzue kultura proposamenak:

Musika

Arrasate
> Gose taldeak kontzertua egingo du Gure Lekun
Gose taldeak kontzertua egingo du bihar, zapatua. Disko gorriko abestiak joko dituzte. Arrasaten urtero egiten duten kontzertua da, herriko zaleendako bereziki. Disko berria gertatzen ari dira, eta euren webgunean bi aurrerapen bideo daude.
Bihar, zapatua, Zarugalde kaleko Gure Leku tabernan, 22:30ean.
bergara
> Uge eta Bitter Honey taldeen kontzertua
Extremoduro eta Clandestinos taldeetako partaide ohi Uge-k kontzertua egingo du. Bitter Honey taldeak ere joko du.
Bihar, zapatua, gaztetxean, 22:30ean.


Arrasate
> AEBetako Dan Baird & Homemade Sin taldea gaur, Gaztemanien eskutik
Gaztemaniak programaren barruan, Dan Baird-ek eta Homemade Sin taldekoek (Mauro Magellan, Keith Christopher eta Warner E. Hodges) kontzertua egingo dute gaur, egubakoitza, Amaia antzokiko hall-ean, 20:00etan. Sarrera, 7 euro. 

Elgeta
> Gaixotasun bat ikertzea diruz laguntzeko rock jaialdia egingo dute zapatuan Espaloian
Jai rockeroa izango da zapatuan The Walk On Project ekimena osatzen duten taldeekin: The Longfathers, Mi hermana Corina eta NYZZ. Eta sorpresa polita izango da gonbidatu berezi batek emango duena. Sarrerak Espaloian eta www.walkonproject.org webgunean daude, 7 eurotan. Dirua izango da leukodistrofia gaitzaren gainean ikertzeko. Mikel Rementeria musikariaren semeak gaitz hori dauka.
Bihar, zapatua, 22:30ean, Espaloian; sarrera, 7 euro.

Bergara
> Six Feet Under eta Master taldeak, Jam aretoan
Six Feet Under eta Master taldeek joko dute. Sarrerak 22 eta, leihatilan, 26 eurotan daude salgai.
Etzi, domeka, 20:00etan.

Jaia

Bergara
> Laino skate parkearen I. urteurrena ospatzeko, erakustaldia eta musika
Bihar, zapatua, izango da ospakizuna: skate erakustaldia eta DJ Balzaren emanaldia (19:00) eta gero Turboshit, Potemkin eta Power Flip taldeen kontzertuak (22:00) izango dira. Argazkian, Lainon egindako skate ekitaldi bat.

Antzerkia

Arrasate
> Kutxa Donostia Hiria antzerki saria irabazi zuen antzezlana, Amaian
Tanttakak Kutxa Donostia Hiria saria irabazi du No me hagas daño lanarekin (etzi, domeka, Amaia antzokian, 19:30ean). Sarrera 6 euro da. Luisak bere historia kontatuko digu, nahigabez eta itxaropenez betetakoa.

Ospakizunak

Eskoriatza
> I. Bailarako Txistularien Eguna ospatuko da etzi, domeka
Lehenengo aldiz, Eskoriatzako, Aretxabaletako, Arrasateko eta Gatzagako txistulariek ospakizun bateratua egingo dute. Honako ekintzak egingo dituzte: kalejira herri osoan (10:00) eta kontzertua Herriko plazan (13:00).
Etzi, domeka.

Bergara
> Erretiratuen kultura hamabostaldiko azken ospakizunak
Oraingo aste bukaeran, honako ekintzak izango dituzte San Joxepeko erretiratuek euren kultura hamabostaldia amaitzeko: gaur, egubakoitza, belaunaldien arteko kale txapelketa eta herri jolasak (San Joxepen, 16:00etan) eta San Joxepe Abesbatzaren eta Aretxabaletako Basotxo Abesbatzaren emanaldia (Santa Marina parrokian, 19:30ean); eta bihar, zapatua, herri bazkaria, opariekin eta dantzaldiarekin segidan (Zabala jatetxean, 14:30ean; 14:00etan autobus urbanoa abiatuko da igerileku ondotik, eta 19:00etan itzuliko da).
Bazkaria izango dute bihar, zapatua, Zabala jatetxean.

Oñati
> II. Trikiti Jaialdia egingo dute bihar, zapatua
Santa Ana antzokian izango da jaialdia, 18:30ean. Herriko eta kanpoko hainbat taldek parte hartuko dute. Gainera, Oñatiko Primi Erostarbe pandero-jotzailea zena omenduko dute. Sarrerak 10 eurotan salduko dituzte.
Bihar, zapatua, Santa Ana antzokian, 18:30ean.

Ikastaroak


Aretxabaleta
> Psikoterapia, thailandiar masajea eta yoga
Honako ekintzak antolatu ditu Aredhana yoga eta psikoterapia zentroak: psikoterapia terapia-taldea (egubakoitzetan, hamabostean behin, 19:00-21:00); thailandiar masajea (hilean zapatu baten, 10:00-13:30) eta yoga (martitzen eta eguenetan, 10:00etan edo 17:30ean).
Izenematea: 616 96 57 95 (Encarna).
Arrasate
> Hasiera mailako taila ikastaroa, ARTE elkartearekin
Arrasateko Tailaginen Elkarteak hasiberriendako ikastaroa antolatu du. Azaroaren 8an hasiko da eta 30 ordukoa izango da. Astelehen, martitzen eta eguenetan izango dira eskolak (17:30-19:30). Lokal berrian daude: Nafarroa etorbideko 33. zenbakian (Fagor Arrasate aldamenean, zentro parean).
Izenematea: Gregorio (616 23 81 74) edo Jose Mari (620 17 42 55).

Arrasate
> Antzerki tailerra antolatu du AEDk, eta izena eman daiteke
Klaseak ostiraletan izango dira, Kulturateko Loramendi aretoan, 18:00etatik 20:00etara, azaroaren 12an hasita. Hogei ordu izango dira guztira eta Iurgi Etxebarria aretxabaletarrak jardungo du irakasle. Matrikula 35 euro izango da; 30 euro, AEDko bazkideentzat.
Izenematea, AEDn (943 77 12 28, aed@aedelkartea.com).

Arrasate
> Yoga ikastaroak ematen dituzte astean bi egunetan
Yoga ikastaroak ematen dituzte. Hiru aukera daude: astelehen eta eguaztenetan (09:30-11:00) edo bi ordutegitan martitzen eta eguenetan (14:30-16:00 edo 19:00-20:30). Harremanetarako: 635 71 06 16 (Maite) edo 943 78 31 26 (Ana).
Bañez Doktorea, 1 (Txindoki dorrea).
Bestelakoak

Elgeta
> Herrixa Dantzan domekan, Jainaga eta Narbaitzarekin
Herrixa Dantzan saioa egongo da etzi, domeka, Patxi Monterok gidatuta eta Jainaga eta Narbaitzarekin. Sarrera librea da. Ordu eta erdiko saioa izango da.
Etzi, domeka, Espaloia antzokian, 19:00etatik 20:30era.

Aramaio
> Aramaioko produktuen azoka egingo dute bihar, zapatua
Aramaioko produktuez gozatzeko aukera izango da bihar, zapatua: 10:00etatik 14:30era, azoka egongo da Nardeaga kalean; 12:00etan, meza; 13:00etan, herriko dantzari eta trikitilariak; 14:30ean, erretiratuen bazkaria kiroldegian; eta 17:30ean, artzain txakurren txapelketa Salazango landetan.
Azoka Nardeaga kalean izango da.

Bergara
> Sendabide tradizionalen gaineko ikus-entzunezkoa
Sendabide tradizionalen gaineko ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute. Herriko zenbait lagunek bideratu dute eta Goienak, Kutxak eta Bergarako Udalak lagundu dute. Informatzaileak eurak ere hantxe izango dira.
Azaroaren 3an, eguaztena, Aroztegi aretoan, 19:00etan.

Bergara
> Liburuak batzen hasiko da Jardun, truke azoka egiteko
Euskarazko liburuen truke azoka egingo du Jardunek azaroaren 19tik 21era, eta horretarako liburuak batzen hasiko da azaroaren 2an, martitzena. Honako ordutegia izango dute: astelehenetik eguenera, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; egubakoitzetan, 18:00etara.
Jardunen egoitzan, kultur etxean.

Arrasate
> Jinkana eta musikarekin hasiko da Erdigunea Piztu
2010/2011 Erdigunea Piztu antolatu du Txatxilipurdik. Hasteko, jinkana egingo dute. 12-17 urte arteko gaztetxoak hainbat probatan lehiatu beharko dira. Leku kopuru mugatua egongo da (5-10 lagun), eta aldez aurretik izena eman behar da (943 79 54 46).
Segidan (20:00) Los Galerna taldearen kontzertua izango da.
Bihar, zapatua, Kulturaten, 17:00etan.

bergara
> Txapa irratiaren programazio berriaren aurkezpena
Txapa irratiaren denboraldi berriko programazioa aurkeztuko dute arduradunek. Napoka Hiria taldeak joko du Kontzertua zuzenean Txapa irratian (FM 97.20) eta Internetez txapairratia.org webgunean entzun ahal izango da.
Gaur, egubakoitza, gaztetxean, 22:30ean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak