Orain dela urte eta erdi erabaki zuten Mankomunitatean zuzenean kudeatuko zutela Zubillagako hiltegia. 'Hiltegia bizirik' plataformako kideek, alabaina, salatzen dute epe horretan ez dutela sumatu aldaketarik. Azaltzen dutenez, ganadu kopurua mantendu egin da eta bezeroak erakartzeko inolako ahaleginik ez dela egin.
Egun, eskuladeko zinegotziek osatutako batzorde batek kudeatzen du hiltegia eta plataformako kideek gerente baten beharra ikusten dute. Kudeaketa txarraren adibide moduan hiltegia erabiltzeko ordaindu beharreko tasak jartzen dute. Antza, berdin ordaintzen du urtean abelburu bakarra hiltzen duen abeltzainak eta asko hiltzen dituenak. Ondorioz, beste hiltegietara jotzen dute bezeroek.
Egoera zein den azaltzeko ibarreko alderdi politikoekin batzartu dira eta, amaitzeko, gehitu dute espero dutela hauteskundeetan hiltegia kudeatzen duen batzordean aldaketak egotea, konponbideetarako gogoa duten zinegotziekin.
'Kudeaketa ez da hain txarra'
Victoriano Gallastegi da Zubillagako hiltegiaren kudeaketaz arduratzen den batzordeko lehendakaria eta berak uste du hiltegiaren kudeaketa ez dela horren txarra.
Gallastegik adierazi digunez, Mankomunitateak plan estrategikoa eginda dauka eta azken urtean inbertsio handiak egiten ari dira etorkizunera begira hiltegiak martxan jarrai dezan.
Bestalde, gaineratu du ez duela ulertzen zergatik datozen orain hainbeste kexu, hiltegiaren funtzionamendua beti berdina izan bada.