Ziklogenesi lehergarria dela-eta, aldaketa handiak asteburuko kirol hitzorduetan

Xabier Urtzelai 2010eko otsailaren 26a

Oraingo astebururako iragarri duten denboralera dela-eta Eusko Jaurlaritzak neurriak hartu ditu. Batetik, eskola kiroleko jardunaldiak bertan behera utzi dituzte, baita zapatu arratsaldean eta domeka goizean jokatu beharreko aire libreko hitzorduak ere.

Eusko Jaurlaritzak debekatu egin ditu bihar, zapatua, 15:00etan hasi eta domekan 15:00ak artean aire librean egin beharreko kirol jarduerak, bai eskola artekoak eta baita  maila federatukoak ere. 

Horrekin batera, jakin dugu bihar Bergaran egin beharreko eskola arteko gimnasia erritmiko txapelketa goizean bakarrik jokatuko dutela, eta arratsaldeko saioa bertan behera utzi dutela.

Futbolean, ohorezko erregionaleko Mondrak eta Bergarak ez dute zapatu arratsaldean jokatuko, eta klubetako ordezkariek adierazi digute ahaleginduko direla partiduok domeka arratsaldera atzeratzen –bestela Aste Santuan jokatu beharko dute-eta–.

Printzipioz, hirugarren mailan Aretxabaletak eta Laudiok domeka arratsaldean (16:30) Ibarran jokatu beharreko partiduan ez da aldaketarik izango. Ezta ere, kantxa barruan jokatu behar dituzten saskibaloi eta eskubaloi partiduetan (hori bai, seniorren kasuan, kategoria txikietan partiduak bertan behera utzi dituzte-eta). Hau da, Ford Mugarri Arrasatek normal jokatuko du zapatu arratsaldean Iturripen (16:30), eta saskibaloian Aloñako mutilek ere ez dute partidua bertan behera utziko (zapatua, 18:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak