Zigorra bete beharrean komunitatearen aldeko lanak burutzeko baldintzak adostu ditu Eudelek

Txomin Madina Milikua 2010ko ots. 10a, 18:00
Jaurlaritzaren Justizia departamentutik egindako eskariaren ondotik etorritako ekimena da hau. Adostutakoaren arabera, udalek lan batzuk eskainiko dituzte ezarritako zigorraren partez lan horiek egin gura dituzten herritarrentzat.

Epaileak hala erabakitzen bazuen zigorren partez komunitatearen mesedetarako lan egiteko aukera lehen ere egon bazegoen arren, arlo honetan Justizia sailarekin eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetza txertatuagoa edo sistematizatuagoa izango dute hemendik aurrera hala gura duten udalek.

Horretarako aukera izango duten kondenatuek baina, arinak edo ez oso larriak diren zigorrak izan beharko dituzte. Lourdes Idoiaga Eudeleko exekutibako kideak azaldu duenez zigor horiek izan daitezke, adibidez, alkoholaren edo drogen menpe gidatzeagatik edo lapurreta txikiengatik ezartzen direnak. Idoiagak zehaztu du baina, genero indarkeria dela-eta kondenatuak izan direnek esaterako, ez dutela truke honetaz baliatzeko aukerarik izango.

Eusko Jaurlaritzak 200 lanpostu gorde ditu honetarako, eta behin hitzarmena indarrean dela ekimenera gehitu gura duten udalek lan katalogo bat eskainiko dute. Peontza-lanak, pintura edo zaintza-lanak dira, besteak beste, aurreikusten direnak eta epeak, ezarritako zigorraren araberakoak izango dira. Honetaz gainera, zigortutakoei lanak egiteko beharko dituzten baliabide tekniko eta materialak emango dizkiete udalek.

Zigortuek euren borondatez onartu beharko dute trukea.

Udal bakoitzaren arabera

Jaurlaritzatik igorritako hitzarmena eta programaren protokoloa jaso dute dagoeneko Eudelen eta honek hainbat aldaketa proposatu ditu funtzionamendu egokia bermatzeko. Behin emaitza ikusita, Eudelek programan parte-hartzeko aukera luzatuko diete udalei. Udal bakoitzaren erabakia izango da ekimen honetan sartu ala ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak