Zerbitzuetan eta hezkuntzan jarraipen handia izan du grebak, enpresetan txikiagoa

Iker Barandiaran 2008ko otsailaren 14a

EAE-ANV eta EHAK alderdien jardueraren etetearen kontra protesta egiteko Ezker Abertzaleak deitu du egun osoko greba. Deialdiak erantzun desberdina izan du sektore eta herrien arabera. Zerbitzuetan eta Udaletan lan etenaldia ia osoa izan da, baina enpresetako jarraipenean gorabehera gehiago izan dira. Bestalde, mobilizazioetan jende ugari batu da.


Enpresak

Lantegietan igarri da grebaren jarraipenaren gorabehera handiena. Zenbait enpresatan boto gutxiagatik ez da grebarik egin. Adibidez, Arrasateko Eroski hipermerkatuan boto bategatik ez dute grebarik egin.

Bestalde, Fagor barruan Arrasaten bi izan dira lan egin ez dutenak: Arrasate eta Ederlan. Oñatin, berriz, Ulma barruko enpresa gehienek, baina ez guztiek, greba egin dute, baita Fagor Industrialek ere. Bergaran enpresa handi gehienek ere lana egin dute, hala nola Arcelor, Candy edota Tavexek. Aretxabaletako Coprecik eta Antzuolako Goizper eta Elayk ere ez dute lanik egin; eta Eskoriatzan TESAK lan egin du, baina Ederlanek ez.

Zerbitzuak

Zerbitzuetan oso erantzun zabala izan du gaurko greba deialdiak. Debagoieneko herrietako erdiguneetan itxita egon dira denda, taberna, banketxe eta bestelakoak. Soilik eguneko lehen orduetan irekita izan dira zenbait farmazia eta okindegi, baita prentsa saltokiren bat ere. Hori herrietako erdiguneetan: kanpokaldeko supermerkatu handietan, berriz, denetik izan da. Bergaran esaterako DIAk itxi egin ditu ateak, eta irekita egon dira Eroski eta Super Amara. Arrasateko Eroskin ere eskaini dute zerbitzua, atzoko bozketan boto bakarragatik greba egitearen kontrako emaitza atera ostean.

Hezkuntza

Hezkuntzan, ez da eskolarik izan gaur Debagoieneko fakultateetan. Mondragon unibertsitateko gune desberdinetako ikasleek bat egin dute gaurko deialdiarekin. Oñatiko ETEO, Eskoriatzako HUHEZI eta Arrasateko Eskola Politeknikoa hutsik egon dira gaur. Gainerakoan, erantzuna denetarikoa izan da. Leintz ibarreko Arizmendi Ikastolak, adibidez, zerbitzu minimoak baino ez ditu eskaini, haurtzaindegietan. Arrasaten Herri Eskolan greba egin dute, Institutuan ez ordea. Bergaran Aranzadi ikastolak ez du aterik ireki, ezta Migel Altunak ere. San Martin eskolak berriz ez du grebarekin bat egin. Oñatin Txantxiku ikastolan greba egin dute, baita Larraña institutuan ere. Aretxabaletako Kurtzebarrin ez da eskolarik egon, ezta Leintz Udal Euskaltegian ere, Arrasatekoan moduan.

Udalak

Udalei dagokienez greba egin dute debagoieneko guztietako langileek, Elgetakoek salbu, eta oñatin ere lan egin dute batzuek. Debagoieneko Mankomunitateko langileek ere bat egin dute deialdiarekin protestaren bultzatzaileek jakitera eman dutenez. Bestalde, Debagoieneko osasun etxeetan ez du grebak eraginik izan. Arrasateko Eskualde Ospitalean normaltasunez egin dute lan, anbulatorioetan, ostera, langile bakoitzaren aukera izan da lanuztearekin bat egitea ala ez.

Pikete informatiboak

Goizeko 05:00etan ezezagun batzuek barrikadak jarri dituzte Eskoriatzako saihesbidean, baina berehala libratu da bidea. Hori eta Bergaran Ertzantzak Eroski parean zeuden pikete informatibo batzuei identifikatzeko eskatu izana dira Debagoienean gaur goiz-eguerdian egon diren arazo bakarrak.

Ez da bestelako arazorik egon. Esaterako, Bergaran eta Arrasaten pikete informatiboak hainbat enpresen aurrean jarri dira informazioa banatzen, baina ez da bestelakorik izan. Lan egin gura izan dutenek, hala egin dute; eta besteek ez.

Mobilizazioak

Herri gehienetan mobilizazioak deitu dituzte eguerdirako eta iluntzerako. Ibarreko herri garrantzitsuenetan, adibidez, manifestazio jendetsuak egin dituzte eguerdian. LABek emandako datuen arabera, Arrasaten 1.500 lagunek esku hartu dute; Bergaran, 900ek; eta Oñatin, 500ek. Hiru herrietan Ertzantzak gertutik jarraitu ditu kale agerraldiak, baina ez da ezer gertatu.

Bergarako manifestazioan “Demokrazia euskal herriarentzat” leloa zeukan pankarta aurrean zutela, Aittor Arantzabal eta Mikel Garaiondoren aldeko oihuak esan dituzte;  eta Arrasaten, berriz, “Guk independentzia, salbuespen egoera Stop” lelodun pankarta eraman dute ANVko hainbat zinegotzik eta alkateak.

Arratsalderako mobilizazio gehiago deitu ditu ezker abertzaleak. Arrasaten, Bergaran eta Oñatin 19:00etan izango dira kale agerraldiak.

 

LABen balorazioa

 

 

LAB izan da greba babestu duen sindikatu bakarra. Sindikatu horretako ordezkariek jakinarazi digute oso pozik daudela grebak izan duen erantzunarekin; are gehiago, kontuan hartuta oso denbora laburrean antolatu dutela eta egun osoko deialdia izan dela.

 

Horrez gain, LABeko ordezkariek salatu dute ELAk grebarengan izan duen kontrako jarrera. "Grebaren arrazoiekin bat egiten dugu eyrejub, nahiz eta estrategia desberdinak izan. Horregatik, ELAk izan duen jarrera salatu gura dugu", azaldu du Jose LABeko ordezkari Ramon Kortabarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak