El Diario Vasco
El Diario Vascok dio EAJk eragotzi egin duela zentsura mozioa normalizazio politikoari mesede egiten ez diolako. Vocentokoak nabarmen uzten du EAJren babesa ezinbestekoa zela alkatea kentzeko. Diote, sozialisten eta jeltzaleen arteko harremanean eragina izango duela erabakiak. Vocentokoarekin hasiko gara. Hemen alderdien exekutiben mailan landu dute gaia nabarmendu dituzte Manuel Huertas sozialistaren eta Mari Jose Usandizagaren berbak. Huertasek dio koldarkeria dela eta baldintzatu egingo dituela jeltzaleekin etorkizuneko harremanak. Usandizagak, PPkoak dio, gizarteak faktura pasako diola EAJri.
Editorialari dagokionez, El Diario Vascon 'Ezinezko kontsentsua' ipini diote izena. Vocentoko editorialgileek diote EAJk eta Aralarrek betoa ezarri diotela mozio eskaerari eta horrek Carrascoren senideenganako mespretxua agertzen duela.
Noticias de Gipuzkoa
Noticias de Gipuzkoan ere azaleko gai nagusia da Arrasateko udal gobernuarena. Noticiasen baina, alderdi politikoak zuzenean aipatu gabe osatu dute goiburu nagusia: soilik diote, EAE-ANVk Arrasaten agintean jarraituko duela zentsura mozioak ez duelako aurrera egin. Berriari dagokionez diote EAJk EAE-ANVko alkatea kentzearen kontra egin duela.
Noticias de Gipuzkoan editorialean diote ulertzeko gaitza den erabakia dela. Analisia egiten dute Noticias de Gipuzkoan eta Deian. Agertzen dutena da jeltzaleen erabakiak haustura eragin duela sozialistekin harremanetan. Noticiaseko editorialgileek arreta jartzen duten puntua da sozialisten gobernuak berak onartutako EAE-ANVko zerrendetako bat zela Arrasatekoa. Era berean, ikusten dute, Aralarrek eta EAJk buru hotzarekin hartutako erabakia izan dela zentsura mozioarekin aurrera ez segitzearena; horrela mendeku politikoa ekidin dutela. Nabarmentzen dute, baita ere, Urretxun eta Zumarragan, adibidez, udal berean, elkarbizitza arazo barik dihardutela EAE-ANVk eta PSEk.
Albisteari dagokionez Noticiasen ere jaso dute erabaki koldarra izan dela esan duela Huertasek baina Miren Azkarateren hitzak ere badakartzate. Azkaratek auzitan ipini du sozialisten koherentzia ezker abertzaleko kideekin daukaten harremanengatik; zerrenda batzuei utzi egin zieten-eta udal hauteskundeetara aurkezten. Zentsura mozioaren harira, Joseba Egibarrek ere egin ditu adierazpenak eta Noticiasekoek nabarmendu. GBBko buruak dio herri honek aurrera egin beharra duela baina ez zentsura mozioen bitartez.
Deia
PSOE eta EAJ ere aipagarri, zentsura mozioari dagokionean, Deian. Bilboko kazetan diotena da EAJrekin akordioak baldintzatu egingo dituela jeltzaleek hartutako jarrerak. Noticias de Gipuzkoako editorial bera egin dute Deian, baina albistea beste era baten jorratu dute. Hemen azpimarratzekoa iruditu zaie PSOEk EAJri ohartarazi diola Arrasaten hartutako jarrerak Euskadin hitzarmen batera heltzea zail egingo duela.
Berria
Berrian, EAJk alkatea kentzearen kontra egin izana jaso dute goiburuan. Editorial eta iritzi artikulurik ez, ordea, gai honi buruz. Albisteari baina, horri osoa eskaini diote. Nabarmen, euskarazkoan ere, EAJren erabakia eta Huertasen hitzetatik azpimarratu dutena da EAJrekin harremanak baldintzatuta geratu direla. . Egibarrek azalpenak Rubalcaba eta Barrenari eskatu dizkie. Gbbko buruak dio biek diseinatu zutela egun erakundeetan daukagun mapa politikoa. Eta Antonio Basagoiti, Bizkaiko PPko presidentearen hitzak ere aurki ditzakegu. Basagoitik dio terrorismo gaietan erabakiak hartzeaz beldur delako eman duela EAJk ezezkoa.
Garan
Garan ez dugu azalean aurkitu albistea, barruan baina orri osoa eman diote hemen ere. Orain arte aitatu ez diren bi alderdiren gainean jartzen du arreta Garak. Batetik Ezker Batua eta bestetik EA. Ezker Batuko zinegotzien jarrera aztergai dute Garan. Diote Ezker Batuko bi zinegotziek zentsura mozioaren aurka daudela adierazi ziotela alderdiaren zuzendaritzari. Zuzendaritza baina mozioaren alde dago, zinegotziek babestu ez arren. Eta Eusko Alkartasunari dagokionez, alde edo kontra dauden galde egiten dute. EAk zentsura mozioaren alde dagoela esan du baina urgentziazko ohar baten esan dute azkenean aurka daudela eta gurago luketela jarrera bateratu bat egongo balitz. Horrez gainera, Ino Galpasoro berari elkarrizketa egin diote. Alkateak dio pertsonalki bizi izan duela gehiegikeria eta lintxamendu politikoa. Zentsura mozioari dagokionez, alkateak dio guztiz interesatua izan dela eta egoeraz baliatzeko nahia egon dela. Dio, era berean, herrian ikusmina atzeman duela eta neke sentsazioa. Aurrez ere zentsura mozioa egin zela herritarren gogoan dagoela eta jakina dela horrek ez duela ezertarako balio.
El Mundo
El mundoren atari digitalean izenburu honekin kaleratu dute albistea: "EAJ eta Aralarrek zentsura mozioa eragozten dute EAE-ANVk alkatetzan jarrai dezan". Hemen www.elmundo.es webgunean argitaratu duten albistea :
Albistean, dio, Manuel Huertas sozialistak EAJk eta Aralarrek ekintza koldarra erakutsi dutela terrorismoaren kontrako borrokan.
Joseba Egibar jeltzalearen hitzak ere jaso ditu El Mundok. Egibarrek dio, zentsura mozioak ez duela normalizazio politikora bideratzen eta EAE-ANVren jarrera guztiz mespretxatzen dutela.
Aralar alderdiaren adierazpenak ere jasotzen ditu. Aralarrek dio, herri honen gatazkaren konponbidean ez duela zentsura mozioak laguntzen eta EAE-ANVrengana hurbiltzea orain iruzur politikoa izango litzatekeela.
Gipuzkoako Ezker Batuko Antton Karreraren berbak badakar. Karrerak dio Ino Galparsoro alkatea ez dela 'duina' udaletxeko zuzendaritza aurrera ateratzeko.
PPren esanetan, EAJk bolunatate falta izan duela ETArekin amaitzeko eta penagarria dela euskal gizartearendako.
Azkenik, EAk adierazi du ez duela zentsura mozioa bultzatu eta oposizioko alderdi guztiak bat izatea ezinbestekoa zela mozioarekin aurrera egiteko. Horixe da elmundok jaso duena bere webgunean.
Bestalde, gertaera guztia laburbiltzen duen bideo bat ere ikusgai dago webgunean.
El Pais
Espainiako Egunkarian "España" atalean dator Arrasateko zentsura mozioarengaineko albistea, "EAEk gobernatuta jarraituko du Arrasatek" izenburuarekin.
El Paisen diote, "Arrasatek EAEko gobernua eta alkatea izango ditu, ezker abertzaleko udal taldeak Isaias Carrascoren hilketa salatu ez arren ere".
Azpimarratu dute EAJ eta Aralarren babes faltagatik ez duela aurrera egin mozioak.
EAJko Joseba Egibarrek prentsaurrekoan egin zituen adierazpenak jaso dituzte zabal, PSE-EEko Manuel Huertas eta PSOEko Javier Rojoren erantzunekin batera. Gainerako alderdien iritziak ere jaso dituzte.