Mendi maratoien denboraldia oraindik hasi ere ez denean egin, Munduko Kopako eta Euskal Herriko Kopako azken proba izango den Zegama-Aizkorri mendi maratoiko izenematea zabaldu dute. Gaur hasi eta martxoaren 16a arte, edozein korrikalarik, berdin federatu edo ez federatu, izango du aukera mundu-zirkuituko proban parte hartzeko.
Izenemateko bi modu daude: internet bidez (www.zegama-aizkorri.com) edo Zegamako udaletxera deituta, astelehenetik egubakoitzera (943 80 13 51-943 80 11 15).
400 dortsal aterako dituzte
Aurtengo Zegama-Aizkorriko partaidetza 400 lagunetara mugatuko da. Alberto Aierbe, maratoiko zuzendari teknikoak, esan digunez, 400 dortsalak hiru multzotan banatuko dituzte: 100 dortsal Munduko Kopako azken proba izateak sortuko dituen konpromisoei erantzuteko utziko dituzte. Hala, herrialdeen izenean parte hartuko duten selekzioetako lagunei utziko dizkiete 100 dortsal. Beste 125 dortsal, fideltasuna saritu guran, Zegama-Aizkorri maratoiko aurreko bost edizioetan parte hartu duten korrikalarien artean banatuko dira. Azken bi edizioetan marka onenak izan dituztenak kontuan hartuko dira. Geratzen diren beste 175 zenbakiak izena eman dutenen artean zozketatuko dituzte. Zozketa apirilaren 20an izango da, Zegamako udaletxean, arratsaldeko 6etan. "Aurreko edizioetako parte-hartzea ikusita, eta Munduko Kopako azken proba dela kontuan hartuta, izeemate handia espero dugu", azaldu digu maratoiko zuzendariak, Aierbek.
Zozketan sartuko diren korrikalari guztiek jasoko dute zenbakia; hala, irailaren 23ra arte egongo diren bajak osatzeko, zozketa zerrenda kontuan hartuko da 400 laguneko kopurua betetzeko.
ibarreko partaidetza, handia
Aierberen esanetan, Debagoieneko korrikalari asko animatzen da Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzera. Aurten ere, aurreko edizioetan parte hartu duten lagunak animatuko direla espero du antolakuntzak.
Aurtengo mendi maratoiak izango duen aldaketa bakarra eguna izango da; orain arte maiatzean jokatu den proba, aurten, irailaren 23an jokatuko da. "Aldaketa horrekin, munduko zirkuituko proba erabakigarria izatera pasa gara, Munduko Kopako azken proba izango da-eta", dio Aierbek. Hori dela eta, puntuak eta sariak handiagoak izango dira. Ibilbidea, baina, bera izango da: 5.472 metrotako gorabehera izango duen 42 kilometrotako ibilbidea.