Zegama-Aizkorri: Aritz Kortabarria ibarrekoetan azkarrena

Goiena 2008ko mai. 26a, 11:27
Gironako Kilian Jornetek lortu zuen garaipena atzo, bigarren urtez jarraian. Ibarreko azkarrena, Aritz Kortabarria, zortzigarren sailkatu zen. Bikain joan zen atzo Zegama-Aizkorri maratoiaren zazpigarren edizioa. Aurreko egunetan botatako euria eta eguraldi iragarpena tarteko, antolatzaileek ibilbide alternatiboa ere gertu zeukaten, badaezpada, baina ez zen horretarako beharrik izan; sekulako lokaztia zegoen, baina tenperatura aproposa zen korrika egiteko. Lokatzak, hori bai, zaildu egin zuen pausu zehatzak ematea eta harrizko gailurrak labainkor zeuden oso. Arrazoi horregatik, korrikalari bat baino gehiagok esan zuten atzoko eguna ez zela aproposena marka ona egiteko.

Iazko lehia berbera

Gironako Kilian Jornet gazteak lortu zuen garaile izatea, bigarren urtez jarraian, baina gertutik jarraitu zuen bigarren postua errepikatu zuen Raul Gartzia segoviarrak. Lasterkari bien arteko lehia iazkoaren oso antzekoa izan zen: maldan gora Jornet ibili zen bizkorrago, baina aldapan behera bien arteko aldea txikitzea lortu zuen Gartziak, aldiro. Hamabi segundotako tartea atera zion azkenik, iaz baino zertxobait handiagoa. Momentuko mendi lasterkaririk onenak direla erakutsi zuten biek ala biek eta ikuskizun bikaina eskaini zuten.

Helmut Schiessl alemaniarra  izan zen hirugarrena; Fulvio Dapit italiarra laugarrena; eta bosgarren eta seigarren postuetan sailkatu ziren Jose Felipe Larrazabal Okondokoa (Araba) eta Javi Olabarria orozkoarra (Bizkaia). Lagun biak taldekideak direla eta jokoan ezer ez zutela kontuan izanik, elkarrekin helmugaratu ziren, ikurrina eskuetan. Taldeka, Euskal Herriko Selekzioa sailkatu zen lehen postuan, Europako txapelketa eskuratuz.

2006ko irabazle Ricardo Mejia mexikarrak ere eman zuen zeresanik atzo, helmuga zeharkatzen bosgarrena izan bazen ere, ibilbideko une batean nahastu egin zela eta, ondorioz, kontrolgune bat salto egin zuela aitortu baitzuen. Hiru minutu kenduz zigortu zuen epaileak eta zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Humoretsu hitz egin zuen hala ere, eta agerian utzi tranpa egiteko inolako asmorik ez zuela; antolakuntzakoek eta zaleek, guztiek eskertu zioten egia aitortu izana. 

Emakumeak ere gogor

Emakumezkoetan azkarrena Corinne Favre frantziarra izan zen, 2005ean eta iaz moduan. Atzokoa Zegama-Aizkorri maratoian parte hartzen duen laugarren aldia zela kontatu zigun, baina aurtengoa izan dela gogorrena, ibilbidearen egoera zela-eta. Arrazoi horregatik, aurreko urteetako marka 10 bat minututan txartu zuen atzo Frantziakoak. Emakume euskaldun azkarrena, bestalde, Alizia Olazabal irundarra izan zen, iaz bezala. Erritmoa zainduz eta burua erabiliz osatu zuela ibilbidea azaldu zigun, eta lanean jarraikorra izateak fruituak eman zituela; horren adierazgarri da, zailtasunak zailtasun, inoiz baino denbora hobea egin izana: bost ordu, 17 minutu eta 38 segundo. 

Aritz kortabarria, zortzigarren

Aritz Kortabarria arrasatearrak marka polita egin zuen atzo, lehen hamarren artean geratuz. Berarekin, 24 dira atzo helmugaratutako debagoiendarrak (390 izan ziren orotara). Bakarra izan zen emakumezkoa, Mari Fran Alonso arrasatearra, hain zuzen ere.

Datorren urtera begira

Alberto Aierbe Zegama Aizkorri maratoiko Zuzendari teknikoak oso balorazio positiboa egin zuen: "Giro bikaina izan da, maila ikaragarria eta lesio larririk ez", kontatu zigun. Datorren urtean, ziurrenik, berriz ere Munduko Txapelketan izango direla aurreratu zigun, baina saiatuko direla proba maiatzean egiten. Izan ere, irailean, denboraldia amaitzear egoten da eta lasterkariak, nekatuta.

Debagoienekoen sailkapena

Izena Denbora
8 Aritz Kortabarria Rajado (Arrasate) 4:20:17
22 Josu Gascon Rodriguez (Arrasate) 5:49:05
34 Iñaki Bengoa Pagaldai (Leintz Gatzaga) 6:11:53
38 Joxe Mendiola Aiastui (Oñati) 4:47:31
52 Juanma Martinez Remedios (Arrasate) 
4:56:17
65 Aitor Larrea Soraluze (Bergara) 5:00:58
70 Aitzol Guridi Zubia (Oñati) 5:03:01
88 Jabi Martinez Remedios (Eskoriatza) 5:10:02
116 Bittor San Jose Garcia (Aretxabaleta) 5:17:23
132 Gotzon Aranguren Guridi (Oñati) 5:25:47
159 Iban Isasti Lazkano (Oñati) 5:34:10
168 Joxan Larrea Leibar (Oñati) 5:35:39
172 Xabier Uribesalgo Bikuña (Bergara) 5:35:55
189 Mikel Navarro Aranzadi (Arrasate) 
5:43:06
190 Jesus Odriozola Agirrezabal (Oñati) 5:43:21
206 Xabier Lijo Perez (Bergara) 5:50:04
216 Iker Agirrebalzategi Guridi (Oñati) 5:56:25
243 Aitor Elkoro Fernandez (Bergara) 6:03:55
278 Xabier Elkoro Fernandez (Bergara) 6:26:58
291 Xabier Iñurritegi Alzelai (Oñati) 6:24:59
305 Bixente Pagaldai Garitano (Bergara) 6:34:04
324 Asier Lasa Erle (Eskoriatza) 6:56:25
355 Mari Fran Alonso Casado (Arrasate) 6:59:53
388 Iban Aranguren Zubillaga (Arrasate) 7:32:28

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak