Sindikatuek emandako datuen arabera, Debagoieneko ospitaleko langileen %52ak erantzun dio egun osoko greba deialdiari; ospitaleko zuzendaritzak %10ean kokatu du grebaren jarraipena.
Osakidetzaren proposamena
Bi datuok urtarrilaren 29ko grebak utzi zituen datuak baino txikiagoak dira, izan ere oraingo honetan SATSE erizainen sindikatuak eta UTESE osasun teknikarien sindikatuak ez dute bat egin greba deialdiarekin. Atzo, hilak 20, Osakidetzak proposamen berri bat jarri zuen mahai gainean, eta sindikatu hauek erabaki dute proposamen horrek orain artekoak hobetzen dituela eta horregatik ez dutela gaurko greba babestu.
Gainerako sindikatuek baina, hau da, EKA, LAB, ESK CCOO, UGT, ESK eta SAEk uste dute Osakidetzaren proposamen berri hau ez dela nahikoa, eta horregatik mantendu dutela greba deialdia. Dena den, iturri sindikaletatik adierazi dute negoziazio mahaia berriz irekitzeak, erizainek grebarik ez egiteak eta Osakidetzaren proposamen berriak duela hiru astekoa baino lasaiagoa izango dela.
Osakidetzatik, berriz, 24 orduko lanuztea gogor kritikatu duen arren, negoziatzen jarraitzeko asmoa duela adierazi dute. Atzo aurkeztutako proposamenak, sindikatuek aspalditik egin dituzten hainbat aldarrikapen jasotzen ditu, besteak beste, langileentzako osagarri espezifikoa aplikatzea eta txikia bada ere, langile kopuruaren igoera.
Zerbitzu minimoak
Ospitaleek jai egunetan bezala funtzionatu dute, anbulatorioek larunbatetan bezala. Eusko Jaurlaritzako lan saileko iturriek jakinarazi dutenez, erietxeetan jai egunetako langile kopuru bera izan da, eta larrialdi zerbitzuetan, %100ak jardun du.