Zapatuan sartu ziren indarrean kolektibo ezberdinendako beherapenak, Lurraldebusen

Usoa Agirre 2008ko aza. 3a, 13:01
Zapatua ezkero beherapena izango dute Lurraldebus autobusetako txarteletan kolektibo hauek: familia ugariek, 65 urtetik gorakoek, oinarrizko errenta jasotzen dutenek, elbarriek eta 10 urtetik beherakoek. Lehengo txartelak zituen beherapenez gain, %20 eta %100 arteko beherapena izango dute orain. 10 urtetik beherakoendako, berriz, bidaiak doakoak izango dira.

Oinarrizko errentadunak

%100eko hobaria izango dute oinarrizko errentadunek. Erabiltzaileak 10 euro kargatuz gero, sistemak 20 euro kontatuko dizkio. Diputazioak emango dio Lurraldebusi 10 euroko alde hori.

Txartel hau eskuratu nahi dutenek, ohiko txartela eskuratzeko inprimakiaz gain, errolda agiria eta Gizarte Zerbitzuetako sailak emandako agiria aurkeztu beharko dituzte.

65 urtetik gorakoak eta elbarriak

65 urtetik gorakoek eta elbarriek (%65etik gorako minusbalia dutenek) %20ko hobaria izango dute. Eskaera egiteko, 65 urtetik gorakoek errolda agiria aurkeztu beharko dute; elbarriek minusbalia agiria.

Familia ugariak

Ugariak izeneko txartelak familia ugariak sarituko ditu. Hiru seme-alabakoek, %20ko hobaria izango dute; lau seme-alaba edo gehiago izanez gero, %50eko hobaria izango dute. Ugariak txartela egiteko familia liburuaren kopia konpultsatua aurkeztu behar da.

10 urtetik beherakoak

10 urtetik beherako umeek doan bidaiatzeko txartela izan beharko dute. Hala, Lurraldebusek kontatu ahal izango du zenbat umek bidaiatzen dute eta zein konpainiatan, gero Diputazioak enpresa horri dirua eman diezaion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak