Goizean pasako dira epailearen aurretik AHTren kontrako manifestazioan atxilotutako zortzi lagunak

Ubane Madera 2009ko urt. 19a, 12:18
Zortzi lagun atxilotu egin zituzten zapatuan eta beste horrenbeste lagun ospitaletik pasa behar izan ziren, Ertzaintzak Abiadura Handiko Trenaren kontrako manifestariak desalojatu ostean. Azken ordukoaren arabera, goizean pasako dira atxilotutako lagunak epailearen aurretik; eta ospitaletik pasa diren beste zortzi lagunei eman diete dagoeneko alta.

Zapatuan atxilotutuako zortzi lagunak oraindik Lakuako komisarian segitzen dute. Mila Elortza, AHT Gelditu Elkarlaneko ordezkaria oraintxe da Gasteizerako bidean. Hark aditzera eman du espero dutela gaur bertan pasako direla epailearen aurretik. 

Kontatu du zortzi lagunak daudela akusatuta desobeditzeagatik, atentatua egiteagatik eta desordena eragiteagatik. Eguerdian berri gehiago izango dutela ere esan du.

Ospitalera joan behar izan zuten zaurituen gainean, berriz, Elortzak esan du dagoeneko alta eman dietela zortziei.

Ehun lagun zaurituta

Protesta ekitaldia deitu zuen AHT Gelditu elkarlanak zapaturako. Urbinara joan eta trena eraikitzeko obretara manifestazioa egin zuten. Hura amaitu zenean, hainbat lagun obren eremuan sartu ziren; orduantxe kargatu zuen poliziak, elkarlanaren esanetan, modu “bortitzean”, automobilak manifestarien kontra bidalita eta manifestari taldeak porrekin kolpatuz.

Istiluak Urbinaraino iritsi zirela gaineratu du AHT Gelditu Elkarlanak, eta manifestari batzuk Urbinako batzar etxean babestu behar izan zutela euren buruak. Guztira, ehun zauritu baino gehiago izan ziren, tartean bazeuden baita ere gure eskualdeko herritarrak. 

Manifestariak poliziaren kontra

Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, berriz, hainbat manifestariak poliziaren kontra egin zuten, harriak eta bestelako objektuak bota zizkieten; hala desordenek aurrera egin ez zezaten, eta euren buruak defendatzeko manifestarien kontra kargatu behar izan zutela gaineratu du. Herrizaingo Sailak konfirmatu du goizean pasako direla atxilotutako zortzi lagunak epailearen aurretik. 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak