Zaharren egoitzetako langileak greban, gaur eta bihar

Miren Manias 2010eko ekainaren 3a

ELA eta LAB sindikatuek deituta, Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek pasa den astean abiarazitako greba egunek jarraipena izan dute gaur. Debagoienean, esaterako, Eskoriatzako eta Bergarako egoitzek egin dute bat gaurko eta biharko greba deialdiekin. Aldundiak kontratatutako langileen baldintzak eta azpikontratatutakoenak parekatzea eskatzen dute.

Pasa den ostegunean eta ostiralean deitu zituzten ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak greba egiteko, eta mobilizazio horiek jarraipena izango dute gaur eta bihar; izan ere, grebara deitu dituzte berriro.

Gipuzkoako zaharren egoitzak konbeniorik gabe daude 2008ko abendutik, izan ere, desadostasunak medio, eten egin zituzten negoziaketak ADEGIrekin. Oinarrian, Aldundiak kontratatutako langileen antzeko baldintzak izatea eskatzen dute azpikontratatuta dauden gainontzeko langileek. Besteak beste, soldataren igoera, antzinakotasunaren igoera eta gai pertsonaletarako 2 jaiegun izatea eskatzen dute.

Debagoienean Eskoriatzako eta Bergarako zaharren egoitzek egin dute bat mobilizazioekin, baina izan dira lanera joatea erabaki duten langileak ere. Zerbitzu minimoak eskaini dituzte toki bietan. Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Eibarren; biharko, aldiz, manifestazioa deitu dute Donostian, goizeko 11.30etan.



Helburua da negoziaketak berreskuratzea, eta hala gertatzen ez bada, mobilizazio gehiago egingo dituztela adierazi dute.

Oñatiko egoitzako langileek, grebarik ez egitea erabaki dute, eta ez dute egingo Aretxabaletako eta Arrasateko egoitzetan ere; Aretxabaletakoa kooperatiba delako, eta Arrasatekoan, berriz, ESK sindikatuaren ordezkaritza dutelako soilik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak