Zabor bilketa tasa %20 igotzea proposatu du Mankomunitateak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko mar. 26a, 17:30
Mankomunitateak zabor bilketa tasa %20,1 igotzea proposatu du. Orain, udal bakoitzak erabaki beharko du igoera aplikatzen duen eta hura zenbatekoa den. Hala ere, igoera bigarren seihilekotik aurrera izango da; hau da, uztailaren 1etik aurrera.

"Uztailetik aurrera Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak  egingo du hondakinen transferentzia eta zabortegirainoko garraioa. Mankomunitateak ordaindu egin beharko dio partzuergoari; hortaz, maila horretara iristeko guk ere tasak igo egin beharko ditugu", azaldu du Pedro Lasagabasterrek, Mankomunitateko Ingurumen arduradunak.

Hitzarmena, mahai gainean

Mankomunitatearen ohiko batzarrean, mahai gainean geratu zen Akeiko transferentzia planta erabiltzeko Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa elkartearekin sinatu beharreko hitzarmena. Lasagabasterrek dio GHKk ez zuela "adostutakoa aurkeztu"; baina borondatea badagoela eta hurrengo bileran sinatuko dutela "hitzartutakoa". 

Akei itxi eta Epele ireki

Gainera, Mankomunitatearen asmoa da Akeiko transferentzia planta itxi eta Epelen berria egitea. Epeleko planta Bergarako lurretan egongo da; horregatik, Bergarako plan orokorra egin arte itxaron beharko du Mankomunitateak Epeleko planta zabaltzeko.

Garbigune berria

Bestalde, beste garbigune bat finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena sinatu du Mankomunitateak. Horren arabera, 288.000 euro jasoko ditu Mankomunitateak garbigunea eraikitzeko. Aretxabaleta eta Eskoriatza bitartean egitea da asmoa, baina Lasagabasterrek dio gaur egungo egoera ekonomikoa ez dela ona: "Guri interesgarria iruditu zaigu proposamena; Mankomunitateko laugarren garbigunea izango litzateke, baina hori egiteak kostu batzuk ditu, eta hori aztertzen ari gara".
Beste aukera bat Garbitxikia –garbigune txikiak– egitea izango litzateke. Azkenean, ezer egingo ez balitz, Mankomunitateak ez luke jasoko adostutako diru kopurua. 

Ekoizle handiak

Akeiko plantara ekoizle handiek ere eramaten dute zaborra. Horiek tonako diru kopuru bat ordaintzen dute. Orain arte, 84,6 euro tonako; uztailetik aurrera 125,7 euro tonako ordainduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak