Zabalik dago Zegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea

Jasone Zabala 2009ko urtarrilaren 23a

Datorren maiatzaren 24an ospatuko da zortzigarren Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Izen ematea joan den astelehenean zabaldu zen, eta urtarrilaren 30a arte egongo da zabalik www.zegama-aizkorri.com helbidean.

Proban parte hartzeko izena ematea 18 urtetik gorako atleta, mendizale eta kirolari guztiek egin dezakete; gehienez ere, 400 lagun onartuko dira. Ordaindu beharrekoa 40 euro izango da federatuendako eta 50  euro, berriz, federatuta ez daudenendako. Proba Aizkorri mendizerraren bi isurietatik pasatzen da. 42,195 kilometroko luzera du eta desnibel metatua 5.472 metrokoa da. Zortzigarren edizio hori, 2009 World Skyrunning-erako puntuagarria izango da. Sariei dagokionez, gizonezkoetan irabazlea, txapela, 1.200 euro eta garaikurra jasoko ditu sari moduan. Beteranoen mailako irabazleak, berriz, txapela, garaikurra eta bi lagunendako bazkari baterako txartela. Emakume mailan, lehen sailkatuek, gizonezkoen sari berdinak jasoko dituzte.

Bilera informatiboak

Antolakuntzak probaren iraganbide ezberdinei buruzko informazio topografikoa eta antolaketari buruzko xehetasun garrantzitsuenak ezagutaraziko ditu Zegamako Herri Eskolako gimnasioan maiatzaren 24an 18:00etan.

2008an debagoiendarrak

Joan de urteko maratoian ibarreko azkarrena, Aritz Kortabarria arrasatearra izan zen gizonezkoetan; zortzigarren sailkatu zen. Emakumezkoetan, berriz, Mari Fran Alonso, ibarreko emakume bakarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak