AP-1eko zati berri horrek Araba eta Gipuzkoa batzen ditu. Eskoriatza eta Isuskitza arteko zatiak (10,8 km) bost bidezubi eta bi tunel ditu, horietako bat, Isuskitzakoa, Euskal Herriko luzeena (3,4 km). Hantxe izan da, hain zuzen ere, inaugurazio ekitaldia, ordezkari politikoz eta komunikabidez beteta. Zati hori batzen zaio Araban dagoen Luku-Isuskitza zatiari (8 kilometro, 3 bidezubi eta 620 metroko tunel bat).
Orain, AP-1eko zazpi zatietatik sei zabalik daude, eta Arrasate-Eskoriatza zatia zerbitzuan jartzen den unean geratuko da bukatuta eta guztiz zabalik autobide osoa. Hori ekainean dago aurreikusita, eta, ordura arte, Luku-Eskoriatza zatian ibiltzeagatik ez da bidesaririk ordaindu behar izango.