Tourraren lehenengo astean hiru eroriko izan zituen, eta oraindik gorputza minduta duela esan zigun: "Hobeto nago. Zauriak sendatu zaizkit, eta azken etapatan hobeto ibili naiz. Dena den, azkenerako indarrak bukatu egin zaizkit". Indar horietako asko 16. etapan galdu zituen. Velascorendako Tourreko etapa gogorrena. "Peyresourde, Tourmalet, Aspin eta Aubisque egun berean igotzea izugarria izan zen. Minduta eta gogortuta bukatu nuen bizikleta gainean. Nahi eta ezin ibili nintzen", esan digu.
Euskaltel podium barik
Lehen aldiz parte hartu du txirrindulari arrasatearrak Tourrean, eta bukatu egin du, baina ez dago erabat gustura. "Bukatu dut eta pozik nago. Baina ez da parte-hartze borobila izan. Tourra bukatu baino zerbait gehiago egin gura nuen", dio.
Euskaltel Euskadi podiumera igo barik geratu da, zapatuko erlojupekoan Samuel Sanchezek hirugarren tokia galdu zuen-eta. Taldeak egindako lanarekin gustura dago Velasco. "Guztiok egin dugu lan sendo. Podiumera igotzea sari potoloa zen guretzat. Baina, erlojupekoan Menchov izan zen hobea".