Martitzenean onartu zuen Fagor Ederlanen taldekoa den Victoriano Luzuriaga lantegiko langileen batzarrak enpresako zuzendaritzak egindako proposamena. CCOO, UGT eta ELA sindikatuek bere babesa eman zioten proposamenari, ez horrela LABek.
Erregulazioak, enpresak dituen 363 langileetatik 283ri eragingo die eta neurria, lan jardunaren murrizketan oinarrituko da. Hala, datorren astelehenetik urte bukaera arte astelehenetan geldi egongo da lantegia, denera, hamar egun. Honetaz gainera, 2009 osoan, astelehenetan hiru errelebotatik bat sartuko da lanera, eta ostiraletan ez dute lanik egingo. Gabonetako oporren buelta atzeratzea ere aztertzen dabiltza.
Behin behineko 19 langile baina, ez dira erregulazio honetan sartuko, eta kalera joango dira. LAB sindikatutik erabaki hau gogor kritikatu dute, esanez enpresak ez duela bete langile hauekin zuen konpromisoa.
Fagor Ederlanek automoziorako piezak egiten ditu, eta azaldu dutenez, neurri hauek hartu beharra, autogintzaren sektoreak bizi duen krisiaren ondorioa da.