Urteotan, erabiltzaile gehiago liburutegietan

Txomin Madina Milikua 2010ko api. 19a, 17:31
UNESCOk hala izendatuta, 1995az geroztik apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna da eta irakurzaletasuna sustatzea da egun honen helburu garrantzitsuenetakoa. Baina gaur egun, irakurtzen al dugu? Irakurtzekotan zer? Euskaraz ala erdaraz? Galdera horien guztien erantzunak, gure herrietako udal liburutegietan ezagutzen dituzte inon baino hobeto.

Antzuolako liburutegiko Lierni Legorbururen esanetan, irakurzaletasunak ez omen du aldaketa nabarmenik izan. ''Ez da masiboa, ez lehen ezta orain ere, baina irakurri, irakurtzen da''.

Adinak baina, badu zeresanik. Bergarako udal liburutegiko Mila Agirrezabalen ustez, gaztetxoen artean askok alde batera uzten dituzte liburuak; baina bada urte batzuk pasata,berriz ere zaletasunari ekiten dionik.

Erabiltzaile gehiago

Agirrezabalak kontatutakoren arabera, azken urteotan igo egin dena liburutegietako erabiltzaileen kopurua izan da. 'Euskadi osoko udal liburutegien sarea sortu zenetik, edozein liburutegitako aleak eskuratu daitezke, eta horren ondorioz jende gehiago animatzen da liburuak etxera eramatera''. Bere esanetan teknologia berriek eta Absysnet izeneko programak gainera, liburuen katalogazioa aldatu du  lana erraztuz. Gaur egun, ia 5.000 bazkide ditu Bergarako liburutegiak.

Antzuolan 800 dira bazkideak, eta bertan ere nabaritu dute jende gehiago joaten dela liburutegira. Horretan, zeresan handia izan omen du udal liburutegia Torresoroara eraman izanak, erdigunetik gertuago dago-eta.

Gehien irakurtzen diren liburuak best-seller-ak dira bi liburutegietako arduradunek esandakoaren arabera eta maileguak igo egiten dira eguraldi txarra egiten duenean edo opor garaietan. 

Antzuolan, helduek gaztelaniazko liburuak euskarazkoak baino askoz gehiago hartzen dituzte gainera. Zerk bultzatuta aukeratzen ditu irakurleak liburuak? Mila Agirrezabalen ustez, argi dago: lagunen gomendioek, liburutegiek ateratzen dituzten gidek eta baita egunkari eta aldzkarietako aipamenek ere.

Teknologia berriak

Urteekin liburutegiak informazio zentro bihurtu dira Bergarako liburuzainaren iritziz: ''Liburuez gain, Interneta, DVDak eta egunkariak ere baditugu, esaterako''.
Teknologia berriek baina, badute beste eraginik. Antzuolako liburutegian esaterako, entziklopediak oso gutxi erabiltzen dira. ''Jendeak Interneten bilatzen du informazioa, wikipedian eta halakoetan'' azaldu digu lierni Legorburuk.

Etorkizunean, zenbaiten iritziz liburu elektronikoek lekua kenduko diote paperari. Mila Agirrezabalek baina, ez ditu gauzak hain argi ikusten. ''Liburu elektronikoek, beldurra baino, ezjakintasuna eragiten didate... Pantailara begira egotea baino, nahiago dut parkean egotea, liburua eskuartean dudala!''.

Debagoieneko egitaraua

20, martitzena

Oñati
17:30 eta 19:30  Boniface ipuin kontalari afrikarra liburutegian. 

22, eguena

Eskoriatza
19:00 Karmele Jaio idazlearekin liburu solasaldia kultura etxean.
Oñati
20:00 Izen bereko liburuan oinarritutako Revolutionary Road pelikula, kultura etxean.

23, egubakoitza

Eskoriatza
18:00 Liburu azoka herriko plazan.
Elgeta
Arratsalde osoan zehar, kalera aterako dituzte liburutegiko liburu berriak.
Aramaio
Txirritolak antolatutako ipuin lehiaketaren sari banaketa egingo dute kultura etxean. ordua, zehazteke .

24, zapatua

Antzuola
19:00 Patxiku Txerren ipuin sortaren ale berria aurkeztuko dute, Torresoroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak