Lehenengoaren abileziak, eta bigarrenaren abiadurak min egin du Oñatikoen defentsan. Baina, bigarren zatira arte Mojategin batu diren zaleek ez dute golik ikusi. Arrasateko futbol zelaiko harmailek itxura polita erakutsi dute, Oñati aldetik ere zale asko joan dira-eta. Hasierako minutuetan bi taldeak lekua mantentzeaz arduratu dira, eta ez da gol aukera garbirik egon. Aloñak izan du Mondrako Ruiz de Azua atezaina estutzeko aukeraren bat, eta Keixik ere kanpora bota du buruz erremate garbi bat.
Bigarren zatia ere berdin hasi da, joko dena zelai erdian, eta epailea jokoa komeni baino gehiago eteten –badirudi epaile batzuei ahaztu egin zaiela futbola kontaktuzko kirola dela–. Jokin Pavok ezker hegaletik barneraketa ona egin du, eta ezker hankarekin egindako jaurtiketari ondo erantzun dio Aloñako atezain Oierrek.
Bigarren zatian Aloñak aukera oso garbia izan du markagailuan aurreratzeko, baina Idigorasen jaurtiketa ez da ona izan, eta alderatzea bere taldekide bati iritsita ere, bigarren erremate hori ere kanpora joan da.
Partidua, baina azken hamar minutuetan erabaki dute Mondrakoek. Ordurako erasoko jokoan buru-belarri, arrasatearrek garbi zeukaten berdinketak gutxirako balio zuela. Hala, bi jokaldi erabakigarritan Iker Lopezek eta Julen Herizek egin dituzte Mondrakoen golak. Lehenengoa Lopezek Aloñakoen area barruan Mondrako bizpahiru jokalarik jokaldia eginda (1-0), eta bigarren golean Lopezek defentsa hautsi du eskuin hegaletik egindako jokaldian: Dribling ona eginda atzean utzi du markaketa, eta atzera pasean Herizi iritsi zaio balioa, lasaitasunaren gola egitelko (2-0).