Urteek ondutako ahots beteek emanaldi zeharo gozagarria egin zuten

Jon Berezibar 2010ko eka. 6a, 21:53
Eliz kantuez, abesti herrikoiez eta habaneraz osatutako errepertorioa eskaini zuen Arrasateko Txorbela taldean barikuan Bergaran

Zortzikoa gainditu eta "hamalaukote" dotorea aurkeztu dute dagoeneko Txorbelakoek. Talde hasiberria bai, baina inguruko abesbatzarik entzutetsuenetan zaildutako ahots onduek osatzen dute talde paregabea. Egubakoitzean Bergarako zitarako gertaturiko errepertorioa, gainera, aitzakiarik gabekoa izan zen, eliz musika sakroenetik habanera olgetarietara, hamarreko nota eta txalorik beroenak jaso ohi dituzten emanaldi horietakoa egin zuten mondragoetarrek. 


Ezin bestela, eta Mariaren Lagundiko erretaulak berak exijitzen duen moduan, eliz kantuekin gauzatu zuten lehen abesti sorta polifoniaren gailurtzat jo ohi diren autoreen obrei omen eginez: Schubert, Sthele, Gurudi maisua... Otxotea jatorrizko botxotik aldendu eta gertuago kokatu ziren aldareetatik. Arimen pizkundea lortuta, belarriak tente, entzuleak gozarazten jarraitu zuten bigarren zatian eskaintza "lurtarragoarekin". Boga-boga, Goizeko Izarra edota Maite moduko piezei muzin egingo dieten gutxi egongo dira; zer esanik ez, euskal folklorearen doinu kuttun horiekin bat, Maitetxu edota El Menú herrikoiekin borobildu bazuten guztia. Etxetik irten eta habanera eta rantxerendako tokia ere egin zuten Txorbelakoek eta horrekin emankizun gogoangarria osatu zuten.

Sasoi betean

Urtebete besterik ez daroate elkarrekin baina elkar ezin josiago abestu zuten gizonek.
Behin hasita, martxa ondo hartuta eta aurrera egiteko moduan daude otxotekoak. Bergarakoa eginda, mugak gaindituko dituzte datozen emanaldietan; Espainia hegoaldera joango dira, zehazki. Granada inguruan egingo dituzte zenbait emanaldi sanjuanen bueltan. Taldea sasoi betean dago, ondo baino hobeto frogatu zuten hori egubakoitzean. Berdin-berdin, rantxera baten aurrean zein Aita Gurea abestuz, kikildu barik, ahots aberats, bete eta onduek osatzen dute Txorbela. Ibilbide oparoa dute aurretik, hori ikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak