Urtea amaitu aurretik ibarrean hiru bide gorritako lanak abiaraziko dituzte

Irati Agirreazaldegi 2008ko ira. 22a, 13:33
Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak aurten bide gorrien sarean egin diren jardueren eta urtea amaitu aurretik egin asmo dituztenen berri eman du. Urtea amaitzerako 100 kilometrotik gora izango dira bide gorrietan.

Ibarrerako aurreikusiak dituzte hainbat lan. Oñati eta Epele arteko lehen fasea, 5,3 kilometroko luzera izango duena, azaroan aterako dute lehiaketara. Bergarako San Antonio auzotik Antzuolarako zatiak 3 kilometroko luzera izango du eta urriaren amaieran aterako da lehiaketara 1.022.000 euroko aurrekontuarekin. Eskoriatzatik hilerrira artekoa, 0,4 kilometro luze izango da eta azaroan aterako da lehiaketara 500.000 euroko aurrekontuarekin.

Eskoriatzakoa laster gertu

Ibarrean, 2008an barrena Sorautz etxetik Eskoriatzako Aingeru Guardara kilometro bateko bide gorria, GI-627 errepidearekiko paralelo doana, egiten dihardute. Profil laua eta leuna du eta zati horretan argiteria ipini dute baita bide gorriaren eta errepidearen artean zarataren aurkako pantailak ere. 1.742.510 euroko aurrekontua du eta urte amaieran edo 2009aren hasieran irekitzea aurreikusi dute.
Bestalde, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarearen Behatokiak aztertu du bide gorrien erabilera. Azterketaren arabera, ibarrean, Soraluze eta Osintxu arteko bidean egunean erabiltzaileen %8 bizikletaz ibiltzen dira eta oinezkoak dira gainontzeko %92. Batez beste lanegunetan 512 erabiltzaile izaten dira eta jaiegunetan 498.

Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek esan du beharrezkoa dela herritarren konpromisoa bizikletak erabiltzeko "ez bakarrik aisialdirako baliabide moduan, baita garraiobide gisa ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak