Urte amaierarako gertu izango dute ospitale berria

Usoa Agirre 2010eko apirilaren 16a

Abenduaren 31. Horixe da Debagoieneko ospitalearen eraikin berria amaitzeko aurreikusten duten data. Ospitaleko gerente Jose Luis Angulok azaldu digu obrak martxa onean doazela eta urtea amaitu bitartean horien atzeratzea eragiten duen zirkunstantziarik egon ezean, urte bukaerarako bukatuko dutela proiektuaren lehenengo fasea.

Ekainaren 30a

Bigarren fasea zelakoa izango den zehazten ari dira orain; Debagoieneko ospitaleko gerentearen arabera, ekainaren 30erako prest izango dute hori

Konpromisoa

Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak egitasmo horren aldeko konpromisoa hartu dute orain dela gutxi; 2014. urterako proiektu osoa amaituta izatea gura dute

Zerbitzu berriak

Urologia eta semikritikoen unitateaz gain, hematologia, neurologia eta erditze naturalerako gelak izango dira eraikin berrian; etorkizunean onkologia jartzea ere aztertzen ari dira

Jose Luis Angulo (Ospitaleko gerentea): "Obesitatearen Klinika zabaldu dugu, lodi dauden umeendako"

Joan den astean osasunaren nazioarteko eguna izan zen. Aurtengo gaia hirigintza izan da. Debagoieneko ospitaleko gerente Jose Luis Angulok garraio publikoa erabiltzearen eta ohitura osasungarriak izatearen garrantzia azpimarratu du. Azken horren harira, jakinarazi digu umeendako Obesitatearen Klinika zabaldu berri dutela.

Zelan eragiten dio hirigintzak osasunari gurean?
Bi ikuspegitatik fokatu behar da gaia: batetik, hiriek eta Arrasate bezalako herri handi batek duten eraginari erreparatuta. Argi dago ibilgailu pribatuaren erabileraren aurrean garraio publikoaren aldeko apustua egin beharko genukeela. Kutsadura ekidin eta zirkulazioa samurragoa izango litzateke.
Bestetik, orokorragoa den bigarren ikuspuntu bat dago; hain justu ere, ariketa fisikoa egitearen eta elikadura egokia izatearen garrantzia. Azken horren harira, obesitatearen kontrako ahalegin berezia egiten ari gara; bereziki, umeen obesitatearen kontra.

Nola egiten duzue lan?
Ospitalean Obesitatearen Klinika moduan ezagutzen dena sortu dugu. Eskualdeko ume lodi guztien kontrola eramaten dugu hortik; gurasoekin batera jaterakoan ohitura osasungarriak izan dezatela lortu nahi dugu, baita ariketa fisikoa egin dezatela ere. Klinika horrek herritarren eta medikuen arteko komunikazio atea zabaldu du.

Zelan funtzionatzen du?

Gurasoekin biltzen hasi gara, garrantzitsuena da-eta haien parte-hartzea izatea. Umeek egingo dute gurasoek esaten dietena. Batzar horietan ohitura osasungarrien gaineko aholkuak eman dizkiegu; haiekin kolesterola, diabetesa edo bestelako gaixotasunak ekidin daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak