Urtarrilean etorriko dira bailarara Gosari Bihotz-Osasungarriak

Leire Kortabarria 2009ko abe. 21a, 13:03
Debagoieneko ikastetxeak ere badabiltza parte hartzen Gosari Bihotz-Osasungarrien kanpainan. Debagoienera urtarril bukaera aldera ailegatuko dira gosari horiek. Kanpaina hasi da, eta Donostiako Jakintza ikastola izan da gosari horiek hartu dituen lehenengoa.

Debagoieneko erakundeek ere parte hartzen dute antolakuntzan. Hala, Bihotz Bizi elkarteari eta Okindegien Euskal Federazioari, antolatzaileei, musu-truk laguntzen diete Auzo Lagunek eta Eroskik, beste erakunde batzuen artean.

Gipuzkoan, 2000. urteaz geroztik egiten dira Gosari Bihotz-Osasungarriak. Oraingo kanpainan, Euskal Autonomia Erkidegoko 111 ikastetxetan egingo dituzte gosari horiek, eta 3.957 ikaslek gozatuko dituzte. Denetara, 11. edizioa dute Gosariok.

Informazioa eta prebentzioa

Helburua da bihotzaren gaitzen inguruan informazioa ematea eta haiek prebenitzea. Horretarako, ikastetxean, 09:00etan, ondo gosaltzearen gaineko informazioa ematen dute, hitzaldi batekin edo DVD bat proiektatuta. Gero, gosaria ematen dute jangelan edo ikasgelan, honako osagaiekin: esnea, kakaoa, eztia, indioilarra, fruta, ogia eta olioa. Jarduerak ordu bete irauten du, eta ikasle bakoitzari informazio-liburuxka bat ematen diote. Gosaria bukatu eta gero, ikasle bakoitzak inkesta bat erantzun behar du. Horiek erabiliko ditu Bihotz Bizi Elkarteak EAEko umeen elikadura ohiturak zeintzuk diren jakiteko.

Fruta gehiago jan beharra

Euskadiko 10 eta 12 urte arteko 2.348 ikasleri egindako inkesta baten arabera, horiek ez dituzte behar adina elikadura ohitura onak dituzte gosari orduan: hala, ume horien erdiek ez dute frutarik edo esnekirik gosaltzen, eta bakarrik %30ek konbinatzen dituzte modu egokian bihotzarendako osasuntsua den gosari batek eduki behar dituen osagarriak: esnea, zerealak, fruta, olioa eta hestebeteak.

Ikerketa horren arabera, umeen %90ek esnea hartzen dute, baina bakarrik horien erdiek hartzen dituzte esnekiak. Bestalde, %55ek diote ogia jaten dutela, eta gainerakoek, opilak edo zerealak.

Euskadiko umeek azken urteotan gero eta fruta gehiago jaten dutela dio azterketa horrek, baina gaineratzen du umeen erdiek ez dutela frutarik hartzen gosaltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak