Ur-putzuak errepideetan eta Deba ibaia alerta maila gaindituta

Ubane Madera 2009ko aza. 9a, 11:08
Herrizaingo Sailak larrialdi plana aktibatu du. Horrek esan gura du Ertzaintza, Gurutze Gorria, DYA eta Babes Zibileko boluntarioak mobilizatuta daudela, zaintza lanak egin eta beharrezkoa bada, salbamendu lanetarako. Horrekin batera, krisi mahaia ere eratu dute, eta elkarrekin komunikatuta daude Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuak, Gipuzkoako Diputazioa, Euskalmet, Uren Partzuergoko zuzendaritza eta dagozkien udalerrietako Udalak.

Aditzera emandakoaren arabera, Deba eta Oria ibaiak zainduko dituzte bereziki, zenbait puntutan alerta maila gainditu egin dutelako. Hori bai, momentuz ez dute gainezka egin. 

Arrasaten zuhaitzak jausi

Arrasateri dagokionez, Udaltzaingoan galdetuta, udaltzain-buruak jakinarazi du atzo goizeko lehen orduan Zalduspe kalean, ospitalearen atzeko aldean bi zuhaitz jausi zirela errepidera; suhiltzaileak etorri ziren, zuhaitzok moztu eta bidea libratu zuten. Zorionez, ez zen bestelakorik gertatu zuhaitzen kontura. 

Argindarra

Bai, ordea argindarrari dagokionez. Kontua da argi mozketa zegoela iragarrita 09:00etatik 10:30era; baina esandako orduan bueltatu beharrean, herriko zenbait puntutan arratsaldeko bostak ingurura arte ez zen argirik bueltatu. Argi barik egon ziren, adibidez, Uribe auzoan, Garagartzan, Santa Agedan eta Udalan.

Errepideak

Gaurko egunari dagokionez, berriz, udaltzain-buruak jakinarazi du momentuz ez dutela istripu edo bestelakoren berririk eta inguruko bideak libre daudela.

Eta jakina, gaur kontuz ibili beharra dago, bereziki, errepideetan. Urak gainezka egiten dihardu mendian; menditik behera dator puntu askotan eta  adibidez, Elorregin, San Prudentzion ur-putzu handia sortu da.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak