Unesko Etxeak klima aldaketari buruzko txostena kaleratu du- BIDEOA

Maider Arregi 2008ko mar. 12a, 12:50
Unesco Etxeak antolatuta eta Goienak eta Arrasateko udalak lagunduta, Nazio Batuen Erakundeak Giza garapenari buruzko 2007-2008 txostenaren aurkezpena egin zuten atzo, Martxoak 11, Kulturaten. Klima aldaketari buruzkoa da aurtengo txostena, eta hainbat adituk lagunduta, mahai ingurua egin zuten. Goiena Telebistako Solasean tartean Josu Sanzi, Unesco Etxeko ingurumen arduradunari elkarrizketa egin diote eta Goiena.net-en daukazue bideoa ikusgai.

Azaroan kaleratu zuen Nazio Batuen erakundeak 2007-2008 urteetako giza garapenari buruzko txostena. Iaz bezala, Unescoren Euskal Herriko zentroa den Unesco Etxea gobernuz kanpoko erakundeak, Arrasaten txosten horren aurkezpena egin zuen. Klima aldaketa da azken txostenaren ardatza, eta horren inguruan izan zen atzoko mahai ingurua ere.

Unesco Etxeko ingurumen arduraduna den Josu Sanzek hartu zuen lehenengo hitza, eta berak egin zuen txostenaren aurkezpena. Klima aldaketak dakartzan arriskuak eta eragiten dituen ahultasunak, ondorioak arintzeko estrategiak eta saihestezinak diren kalteei erantzuteko neurriak izan ziren aurkezpenean landutako gaiak.

Izaro Basurko, IHOBE ingurumen jarduketarako sozietate publikoko teknikariak hartu zuen ondoren hitza, eta berak 2008-2012 arteko Klima aldaketari buruzko euskal plana azaldu zuen. Gorka Bueno Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko irakasleak energiaren eta klima aldaketaren arteko harremanak azaldu zituen, eta energia fosilen eta energia berriztagarrien arteko alderaketa egin zuen.

Iñaki Antiguedad EHUko hidrogeologiako irakasleak klima aldaketak giza garapenean duen eraginari buruz egin zuen berba. Bere hitzetan, klima aldaketa ez da herrialde azpigaratuetako txirotasunaren eragilea, txirotasun horretan eragiten duen beste faktore bat baizik.

Herritarren parte hartzea

Mahai ingurura hurbildu ziren herritarrek ere izan zuten aukerarik hitza hartzeko, eta hala, bai norbanakoak eta baita administrazioak klima aldaketaren aurrean nola jokatu eztabaidatu zuten.
Unesco Etxekoek galdeketa bat banatu zieten mahai ingurua joan zirenei, bertara heltzeko nola joan ziren galdetuz: kotxez, oinez, bizikletaz… horren helburua izan zen atzoko mahai inguruak   eragindako gas emisioak zenbatekoak izan ziren zehaztea, gero emisio horiek konpentsatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak