Umeen minbiziaren gaineko jardunaldia egingo dute Bergaran

Aintzane Irizar 2007ko urr. 10a, 15:13
Minbizia duten umeen gurasoen elkarteak, Aspanovasek, antolatu ditu jardunaldiak. Bergarako Miguel Altuna institutuan izango dira urriaren 20an, zapatua, goizez.

Gipuzkoako Aspanovas elkarteak, Haur Minbizidunen Gurasoen elkarteak, jardunaldiak antolatu ditu urriaren 20rako, Bergaran. Interesa duen edozeinek izango du parte hartzeko aukera. Miguel Altuna institutuan izango dira berbaldi guztiak, 10:30ean hasi eta 13:30era arte.

Aspanovas-en helburuak

Orain dela bederatzi urte hasi zen lanean Aspanovas elkartea. Bere helburuak dira, besteak beste, honakoak: umearen eta familiaren bizi maila hobea izaten laguntzea; egoera berean dauden familiek elkarri laguntzea eta indarrak batzea; umeari eta familiari arreta osoa eskaintzea, laguntasun psikologikoa, esaterako; eta gizarteari gaixotasunaren eta familien egoeraren berri ematea eta gizartearen sentsibilizazioa eta elkartasuna bultzatzea.
Aspanovasek 113 bazkide ditu, guztira, Gipuzkoan; horietatik 89 dira minbizidun umeak dituzten familiak eta gainerakoak bazkide laguntzaileak. Debagoieneko zazpi familia dira elkarteko bazkide.

Egitaraua

Jardunaldiekin hasteko, 10:30ean, Aspanovas elkartearen aurkezpena egingo dute, Juan Jose Carmona lehendakariak eta Itziar Balzategi elkarteko kide den bergararrak. Ondoren, Donostia Ospitaleko Pediatria Onkohematologiko Unitateko mediku Jose Jabier Uriz Monautek berba egingo du, neuroblastoma tumorearen gainean.
Eta minbiziaren ondoren, zer? galderari erantzungo dio 11:05ean hasita, Jose Maria Indiano medikuak, Basurtoko Pediatria Onkologiko Unitateko buruak. Berbaldi horren ondoren, galdera eta iradokizunen txanda izango da; tarte horretan, gurasoek euren kezkak eta galderak argitzeko aukera izango dute hango medikuen eskutik.

Zainketa aringarrien gaineko azalpenak emango ditu ondoren, 11:45ean hasita, Donostia Ospitaleko Zainketa Aringarrien zerbitzuko arduradun Maite Olaizola medikuak.

Aspanovas elkarteko psikologo Maria Jose Gonzalezen txanda izango da 12:10ean: dolu prozesuaren gainean jardungo du. Berbaldi horren ondoren, berriro emango diete parte hartzaileei galderak eta iradokizunak egiteko aukera.

Bukatzeko, Agurne Barruso Bergarako alkateak berba egingo du eta luncha izango dute 13:30 aldera.

Umeen minbizia

Helduen minbizi kasuekin alderatuta, umeen minbizi kasuek datu hobeak ematen dituzte; horrelaxe azaltzen du Nagore Garcia de Andoin Donostia Ospitaleko Pediatria Onkologiako medikuak: "Minbizia duten umeen artean %70 edo %80 baino gehiago sendatzen dira".
Minbiziaren alorrean aurrerapauso handiak eman ditu medikuntzak: "Orain dela 40 urte umeen erdiak baino gutxiago sendatzen ziren. Gaur egun, batetik, ume gehiago dira sendatzen direnak;  eta bestetik, sendatzen diren horiek ondorio txar gutxiagorekin geratzen dira eta bizi-kalitate hobea izaten dute etorkizunean", dio Nagore Garcia de Andoinek. Kimioterapia eta erradioterapia tratamenduak zehatzagoak dira eta kalte gutxiago eragiten dizkiete gaixoei.

Familiei geroago eta laguntasun handiagoa ematen zaie; horrelaxe dio Garcia De Andoinek: "Geroago eta garrantzia handiagoa ematen zaio, ez bakarrik umea zaintzeari eta sendatzeari, baita ingurukoak zaintzeari ere". Psikologia zerbitzua eskaintzen zaie ospitaletan; bestetik, ospitaleko arduradunek eurek jartzen dituzte gurasoak harremanetan Aspanovas elkartearekin: "Familiei gehien laguntzen diena da egoera berean dauden beste familia batzuekin egotea, ikusteak ez direla hori gertatu zaien bakarrak eta beste ume batzuk sendatu direla ikusteak", dio Garcia de Andoinek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak