Udazkeneko aste euritsuena izan da oraingoa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko azaroaren 28a

Udazkenean sartu ginenetik ez da horrelako aste euritsurik egon; azkeneko zazpi egunetako datuak kontuan hartuta –azaroaren 19tik azaroaren 25era– 152,8 litro metro koadroko bota du. Orain arteko aste euritsuena izan dugu, hortaz, Bergarako San Juan auzoan jasotako datuen arabera. Datozen egunetan eguraldiak epelera egingo duela iragarri du Peio Zabalak.

Udazkenean sartu ginenetik ez da horrelako aste euritsurik egon; azkeneko zazpi egunetako datuak kontuan hartuta –azaroaren 19tik azaroaren 25era– 152,8 litro metro koadroko bota du. Orain arteko aste euritsuena izan dugu, hortaz, Bergarako San Juan auzoan jasotako datuen arabera.
Peio Zabala eguraldi adituak dio normala dela urte sasoi honetan horrenbeste euri egitea: “Urtean hiru euri kolpe izaten ditugu: apirilean, abuztuan eta azaroan”. Apirileko ilberrian 440 litro metro koadroko egin zituen. “Orduko ilberria berezia izan zen; eta, azaroko ilberria ere berezia izan da”, dio Zabalak.

Ilberritik ilberrira

Urriko ilberria urriaren 28an izan zen eta azarokoa atzo, 27an. Ilberri tarte hau berezia izan dela esan digu Zabalak; guztira 533 litro metro koadroko egin du, eta azkeneko 15 egunak bakarrik kontuan hartuta 304 litro metro koadroko.
Baina euriarekin batera, hotza eta elurra ere iritsi dira Debagoienera. Ibarreko hainbat tontor elurtuta ikusi ditugu egunotan, tartean Aloña edota Kurtzeberri. Gainera, egun hauek oso hotzak izan dira, orain arteko hotzenak. “Urriko ilberrin elurra Aizkorrin esaten da, eta horrela egin zuen”, dio Zabalak. 

Aste bukaeran epeldu egingo du

Datozen egunetan eguraldiak epelera egingo duela iragarri du Zabalak: “Aste bukaeran, Portugaldik sartuko da haizea eta horrek tenperaturak zertxobait jaitsiko ditu. Hala ere, euria gogoz egingo du”, dio Zabalak. Hortaz, berokiak eta aterkiak aldean eraman beharko ditugu aste bukaeran. Zabalak gaineratu du, hurrengo hotzak datozen hileko ilberriakin etorriko direla.

Aparteko eragozpenik gabe

Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak emergentzia plana ipini zuen martxan aste hasieran, uholdeak izateko zegoen arriskua dela-eta. Izan ere, errekek nabarmen egin zuten gora, bereziki Gipuzkoan. Hain zuzen ere, Deba ibaiak, Urumea, Urola eta Oriarekin batera, alerta maila izan dute. Baina, ibarreko herrietan ez da aparteko eragozpenik izan egunotan. Bergaran, esaterako, astelehen goizean Ibaiondo kalea ordu pare batez moztu behar izan zuten, errekak gora egin zuelako. Ilunkaran, ostera, Bolu barriko ortuak urez bete ziren. “Baina dagoeneko alarma jaitsi da. Orain, gatza dugu gertu, pistetan edo baserri auzotan beharra badago, laguntzeko”, esan digu Bergarako Udaltzaingoak.

Antzuolako gainezkabidea

Antzuolan, errekan egindako lanek bere eragina izan dute: “Ez dugu arazorik izan errekarekin; gainezkabidea betetzeko ere dezente falta izan da”, dio Jesus Etxeberria udaltzainak.

Urteko datuak

Esan bezala, azaroaren 19tik azaroaren 25erako astea izan da euritsuena. Baina, udazkeneko egun euritsuena azaroaren 2a izan zen. Domeka hartan 66,7 litro metro koadroko bota zituen. Esan behar da, aste hartan –urriaren 29tik azaroaren 4a arte– 147,5 litro metro koadroko egin zuela. Udazkeneko bigarren aste euritsuena.
Tenperaturari dagokionez, ostera, orain arteko udazkeneko egun beroena urriaren 6a, astelehena, izan da –28 gradu–; eta, hotzena azken egun hauetan eman da zero gradurekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak