Udazkenean eguraldi "nahasia" izango dugula iragarri dute

Mirian Biteri 2010ko ira. 30a, 10:24
Udari dagokionez, aurten euri gutxiegi bota duela nabarmendu dute Pello Zabala eta Joxe Landa eguraldi iragarleek. Ohikoa den moduan, irailaren 15ean hasi eta hilaren 22an amaitu ziren tenporei erreparatu die eguraldi adituek.

Udazken "nahasia" datorrela diote eguraldi iragarleek. Ohikoa den moduan, irailaren 15ean hasi eta hilaren 22an amaitu ziren tenporei erreparatu die Pello Zabalak, eta iragarri du denetarik izango dela: "Tenporetan, haizea nahasia izan da, leun ibili eta okertu ez bada ere, eta datozen hilabeteetan ere horrelakoa izango dela ematen du; tenperaturak ere nahasiak izango dira. Laburbilduz, bueltaka ibiliko da, ilargi fase bakoitzean denetarik ekarriko du; euri gehiago ekar dezala, behintzat". 
Joxe Landa eguraldi iragarlearen arabera, udazkeneko giro "tipikoa" egongo da datozen hilabeteotan. Urrian giro "gozoa eta atsegina" izango da; ez du ematen hego haizea asko zakartuko denik. Azaroa, ostera, "trakets samarra"  izango dela dio; eta abenduan neguan egongo bagina bezala irudituko zaigula iragarri du. "Hotza nabarmenduko da eta petrala izango da eguraldia; negua aurreratuko balitz bezala".   

Gorabeherarik gabe

Europako Iragarpen Agentziaren txostenak aztertu ostean, Espainiako Meteorologia Agentziako EAEko zuzendari Margarita Martinek, bestalde, aipatu du udazkena “normala” izango dela, “gorabehera handi bakoa”.

Uda, Euri bakoa

Udari begiratuta, bat etorri dira Zabala eta Landa, euri gutxiegi egin duela esatean. Zabalaren arabera ere “oso lehorra” izan da. Azken horrek gaineratu du iraila oso ona izan dela eta hortaz, batez besteko tenperatura, ohikoa baino “zertxobait” altuagoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak