Udalekin adostu beharreko akordioek atzeratu dute tranbiaren proiektua

Edu Mendibil 2008ko api. 7a, 10:53
Nuria Lopez de Gereñu Garraio sailburuak Debagoieneko tranbiaren proiektuarekin lanean jarraitzen dutela berretsi du aste bukaeran. Gereñuren arabera, udalekin adostu beharreko akordioek atzeratu dute proiektua. Hasiera baten, tranbiak 28 kilometroko ibilbidea izango du gure ibarrean, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Oñati eta Eskoriatza zeharkatuz.

Herri barruetatik tranbiak izango lukeen ibilbidea adosten dihardute Jaurlaritzak eta Debagoeineko udalek, Gereñuk adierazi duenez. Hainbat alegazio aurkeztu dituzte ibarreko udalek (azkena Arrasateko udalbatzarena, oraingo agintaldian) eta horiei soluzioa topatu beharko diete datozen hilabeteotan.

PSE-EE alderdiak Legebiltzarrera eraman zuen gaia ostiralean. Oscar Rodriguez PSE-EEko parlamentariak lanak oraindik hasi ez izana salatu zuen: "Jaurlaritzaren partetik utzikeria dago tranbiaren proiektuan. Jaurlaritzak oraindik ez dauka datarik aurreikusita lanak hasteko eta Garraio sailetik aitortu dute exekuzio epeak ez direla betetzen ari. Lanak lehenbailehen hasteko neurriak hartzeko eskatu nahi diogu Jaurlaritzari".

PSE-EE: tranbia, beharrezkoa

Rodriguezen hitzetan, "Debagoieneko komunikazio beharrak nabariak dira, trafikoa jasangaitza delako. Ibarreko errepideetan maiz sortzen dira auto ilarak. Hori gutxi balitz, kutsadura eta aparkaleku premiaren arazoak begibistan daude. Tranbiaren lanak lehenbailehen hastea komeni da, Debagoienean dauzkagun arazoei irtenbideak topatzen hasteko".

Gereñuk gogoratu duenez, tranbiaren proiektuak ez du etenik izan eta lanean dihardute 2000. urtean abian jarritako egitasmoarekin. Herri barruetatik doazen tramuetan izan ezik, bestelakoetan lanean dabiltzala esan du Garraio sailburuak: "Edozein modutan, merezi du lehenbizi udalekin trazaketa adostea, hurrengo mendean tranbiak hor jarraituko du-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak