Udalek hiru urteko epea izango dute Aldundiari zor dizkioten 9,3 milioiak bueltatzeko

Leire Kortabarria 2009ko urriaren 27a

Udalek lasaiago arnas har dezakete, bai behintzat finantza aldetik daukaten zama zertxobait arinduko delako. Hala, Debagoieneko udalek hiru urte izango dute Foru Ogasunari bueltatzeko zor dizkioten 9,3 milioi euroak, 2009ko Udal Finantzaketa Foru Fondotik jaso zutenaren %24. Gipuzkoa osoan, 106 milioikoa da udalek Foru Aldundiari bueltatu beharrekoa.

Hainbat formula aztertu eta baztertu ondoren, azkenean atzo ados jarri ziren Foru Aldundia eta Gipuzkoako udalak, azken horiek Eudelek ordezkatuta, Euskal Finantzen Kontseiluan: hiru urteko epea izango dute udalek Udal Finantzaketa Foru Fondotik jaso zutenaren laurdena bueltatzeko. Horrela egin behar dute, krisiaren eraginez Ogasunaren zerga-batzea inoiz baino txikiagoa izaten dabilelako, eta Aldundiak udalei urte hasieran emandako dirua ez datorrelako bat gaur egun Aldundiak dituen fondoekin. Horregatik, hasieran, 2010eko otsailean ziren Gipuzkoako udalak gehiegizko diru hori bueltatzekoak, baina udalek behin eta berriz ohartarazi zuten ezingo zutela horrenbesteko dirutza hain epe txikian bueltatu. Azkenean, udalek 2011n, 2012an eta 2013an bueltatuko dute diru hori; datorren urtekoa "gabezia urte" gisa geratuko da. Gainera, udalek ez dituzte interesak ordaindu behar izango.

Debagoienaren kasuan, 2009ko Udal Finantzaketa Foru Fondoa 38,6 milioikoa izan zen. Horrek esan gura du Ogasunarekiko duten zorra 9,3 milioikoa dela. Gipuzkoa osoaren kasuan, 106 milioikoa da zor hori.

Bestalde, berritasun moduan, gastu korronteari aurre egiteko zailtasun handienak dituzten udalak zorpetu ahal izango dira; horrela erabaki zuen Euskal Finantzen Kontseiluak. Hori berritasun handia da, izan ere, orain arte, Foru Aldundiak ez zuen baimentzen udalak zorpetzea gastu korrontea finantzatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak