Zatoz Euskaraz ekimena Debagoieneko Udaletako eta Mankomunitateko euskara zerbitzuek abiarazitako ekimena da. 2007an abiarazi zuten, udal hauteskundeak egitekoak zirela-eta.
Egitasmo horren helburua zera zen: gure udaletan aurkeztu behar ziren alderdi politikoen ordezkariak euskaldunak izatea, batetik; eta, herritarrek gure udalekin dituzten harremanetan euskara erabiltzea, bestetik.
Jakina, dagoeneko aukeratuta daude, eta lanean hasita ere bai datozen lau urteotako udaletako ordezkari politikoak. Eta emaitzak eskuartean, zera ondorioztatu dute Zatoz Euskaraz ekimena abiarazi zutenek:
asko hazi dela gure ibarrean zinegotzi euskaldunen kopurua. Datuak ikustea besterik ez dago: 2003-2007 legealdian 80 zinegotzi euskaldun ziren gure ibarreko udaletan; 2007-2011 legealdian, berriz, 95 dira zinegotzi euskaldunak.
Eta herriz herri begiratzen badugu, berriz, Aramaion izan ezik, gainontzeko herri guztietan egin du gora zinegotzi euskaldunen kopuruak. Arrasaten, adibidez, aurreko legealdian 10 zinegotzi euskaldun ziren, hiru ia euskaldun eta erdaldun bat. Oraingo legealdian, berriz, 20 zinegotzi euskaldun daude eta bakarra erdalduna.
Orain, ekimenaren bigarren zatia landu gura dute: herritarrak Udalera doazenean euskaraz komunika daitezela.