Ikerketek diote iaz baino gutxiago gastatuko dutela kontsumitzaileek beherapenetan.
Azken urteotan gertatu den moduan, beherapenen hasiera ofiziala baino lehen hasi dira hainbat saltokitan eskaintza bereziak egiten: oinetako eta jantzi dendetan ikusi ditugu eskaintza horiek, bereziki. Batek baino gehiagok aprobetxatuko ditu datozen egunak zenbait erosketa egiteko, alabaina, Erabiltzaile eta Kontsumitzaile Independenteen Federazioak egindako ikerketa baten arabera, euskal herritar bakoitzak 65 euro gastatuko ditu aurtengo udako merkealdian. Alegia, iaz baino %27,7 gutxiago.
Erosleek krisiaren eraginez egingo omen dute murrizketa. Horrez gainera, BEZaren igoera indarrean jarri duten egun berean hasi dira beherapenak, eta hainbat komertzio kexu dira horregatik.