Udako Argazkien VI. Lehiaketa martxan da

Usoa Agirre 2010ko uzt. 2a, 11:04
Udako argazkien lehiaketa antolatuko du aurten ere Goienak. Seigarren edizioa izango da eta aurrekoetan bezala sari bikainak banatuko dira. Lehenengo saria, esaterako, reflex argazki kamera digitala izango da.

Udako argazkiak izan beharko dira, berdin dio oraingoak edo beste urte batzuetakoak, eta argazkiak formatu digitalean zein paperean aurkeztu ahal izango dira. Argazkiak aurkezteko epea zabalik dago eta irailaren 17an bukatuko da. Irabazlearen izena eta beste bi saridunena, urriaren 4ko Asteleheneko Goienkaria-n jakingo ditugu. Aurkeztutako argazkiak astero argitaratuko dira Asteleheneko Goienkaria-n, uztailaren 12an hasi eta irailaren 27ra arte. Baina, paperean ez ezik Goiena.net-eko argazki blogean ere argitaratuko dira eta baita Goiena Telebistan ere.

Gehienez ere 5 argazki

Lehiaketara aurkezten diren udako argazkiak beste inon argitaratu barekoak izan beharko dira. Edozeinek parte har dezake eta ez da ezer ordaindu beharko. Argazkiak aurkeztu beharko dira paperean edo digitalizatuta (horrela izanez gero, paperean erreproduzitzeko moduko bereizmen eta kalitatearekin). Bidali ahal izango dira e-postaz argazkiak@goiena.com helbidera edo Goienaren egoitzaren batera eroan: Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan. Egoitzaren batera ekartzekotan, kartazal batean sartuta, edo CD batean, edo argazki digitalak gordetzeko beste edozein euskarritan, eta jpg formatuan. Argazkiak izan daitezke koloretan zein zuri beltzean. Argazkiarekin batera adierazi beharko dira: egilearen izen eta abizenak, adina, harremanetarako telefonoa eta argazkiaren erreferentzia (noiz eta non ateratakoa den, zer edo nortzuk agertzen diren, edo beste komentario laburren bat). Gehienez, 5 argazki bidali ahal izango dira. Epaimahaia Goienako kideek eta bailarako argazkilari profesionalek osatuko dute. Epaimahaiak argazkiaren kalitatea, originaltasuna eta balore historikoa hartuko dute kontutan. Argazki asko jasotzen badira, ez dira guztiak argitaratuko. Onenak aukeratuko dira. 

Sari bikainak

Hiru sari banatuko dira.

  1. Lehenengoak jasoko du Canon EOS 1.000 D argazki kamera digitala. 10 milioi pixelduna; 2,5 hazbeteko LSD pantaila; Live viw sistemarekin. Canon 18-55 mm objektiboa. Horrez gain, KB photoestudioak emango dituen ikastaroetako batean %50eko deskontu bonoa.
  2. Bigarren saria izango da astebukaerako egonaldia bi pertsonarendako Kantabriako hotel batean.
  3. Hirugarrena, afari edo bazkari bat bi pertsonarendako, Leintz Gatzagako Gure Ametsa jatetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak