UDAk eta Aloñak garaipena eskuratu dute; Mondrak ezin izan du punturik gehitu

Txomin Madina Milikua 2009ko azaroaren 29a

Emakumezkoen Ligan Aloñak eta Arizmendik jokatutako derbya, berdinketan amaitu zen atzo.

UDA 2- Elgoibar 1

Indartsu zetorren Elgoibar Aratxabaletara, baina ez zion askorako balio izan.Lehen minutuetan Haritz Igartuak egindako golak aurretik jarri zuen UDA. Bigarren zatian gazi-gozoa izan zen:  etxekoek penalti bat huts egin zuten, baina gero Kermanek baloia sareratzea lortu zuen. Azken minutuetan kanpokoek gola sartu arren, garaipena etxean geratu zen.

Euskalduna 3- Mondra 1

Partiduaren lehenengo minutuan sartu zuen Euskaldunak lehen gola; ondorioz  uneoro aldapan gora izan zuen Mondrak neurketa.

Andoaindarren bigarrena bigarren zatiko hasieran izan zen, eta ondoren Mondrako Jon Muruaren golak itxaropenerako bidea ireki arren, amaieran egindako hirugarren golarekin hiru puntuak Andoainen geratu ziren.

Aloña Mendi 3- Hondarribia 1

Pasa den astean 2-0 galdu ostean, garaipen gosez zelairatu zen Aloña mendi atzo Azkoagainera, eta emaitza ikusita, ondo aseta geratu ziren.

Roberto Idigoreasek jarri zituen aurretik oñatiarrak, Iñigo Arregik sendotu zuen garaipenerako bidea eta Idigoras izan zen hiru puntuak ziurtatu zituena. Luzapeneko minutuetan egin zuen Hondarribiak bere gol bakarra.

Aloña Mendi 1- Arizmendi 1

Joaneko partidua ez bezala (orduan Aloñak 7-0 galdu zuen), parekatua izan zen  oso zapatuan jokatu zen debagoiendarren arteko derbya.

Bigarren zatira arte, hutsean egon zen markagailua. Oñatiarrak izan ziren gola egiten lehenak, baina partidua bukatzeko 15 minutu inguru falta zirenean, Arizmendik berdinketaren gola egitea lortu zuen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak