Udaeroko ekimenetan izena emateko epea ekainaren 25ean amaituko da

Mirian Biteri 2008ko mai. 27a, 10:51
Aurten ere Udaero izango dute Aretxabaletako eta Eskoriatzako gazteek. Dagoeneko zabalik dago antolatu diren ekimenetan izena emateko epea. Ekainaren 25ean amaituko da hori. Uztailean hasiko da Udaero programa.

Egitarau erakargarria prestatu dute. Uztailaren 1ean, egun pasa izango dute hondartzan.  Paint ball egiteko aukera ere izango dute egun berean. Hitzordua 09:00etan egin dute herriko bakoitzeko gaztelekuan eta bazkaria norberaren kontura joango da. Irteera horren prezioa 10,5 eurokoa da eta plazak mugatuak dira.

Bigarren irteera Gamarrara egitea aurreikusita dago, uztailaren 2an. Aretxabaletako gazteak 14:30ean irtengo dira geltokitik eta Eskoriatzakoak ordu laurden beranduago. Sei euro balioko du horrek eta aurrekoan bezala, plazak mugatuak izango dira. Uztailaren 3an, berriz, herri olinpiadak izango dira gaztelekuetan. Jarraian, olinpiadetan parte hartzen duten guztiak Eskoriatzako gaztelekuan elkartuko dira, afaria egiteko.

Uztailaren 8an, surf ikastaroa  izango dute Zarautzen. Egun osoa emango dute horretan. Plaza mugatuak dituen ekintza horren prezioa 10,5 eurokoa da. Hurrengo egunean, Landara joango dira goizetik; eta uztailaren 10erako, Akelarre Gaua antolatu dute. Gaztelekuetan geratuko dira 18:30ean.

Hiru egun Urdaibain

Aurtengo Udaero, hiru eguneko irteerarekin agurtuko dute. Uztailaren 18an, Urdaibaira joango dira kanpinean. Ekintza bereziak izango dituzte, hala nola, kirolak eta gaubelak. Hondartzaz ere disfrutatu ahal izango dute. Primerako hiru egun pasatu gura duenak, 45 euro ordaindu beharko ditu.

Plaza mugatuak dituzten ekintzetan izena eman behar da aurretik; gainerakoetan parte hartzeko aipatutako ordu eta lekuan azaldu beharko dira, besterik gabe. Ordaindu beharreko ekintza guztietan izena ematen duenak, deskontua izango du. Guztira, 65 euro ordaindu beharko ditu. 
Parte hartu gura duenak, gaztelekuetan eta gazteria zerbitzuetan aurkituko dituen esku orria bete beharko du eta esandako tokietan utzi. Gaztelekuak aste bukaeretan zabalik daude; Aretxabaletako gazteria zerbitzuko bulegoa astelehenetan eta eguaztenetan; eta Eskoriatzakoa martitzenetan eta eguenetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak