Aspaldian, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek gazteei zuzendutako ekintzak elkarrekin egiten dituzte. Bi herrietako gaztelekuek ere halako dinamika daramate azken aldian.
Bi herrietako gazteendako
Udaero programa bi herri horietan bizi diren 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago.
Uztailerako prestatu duten egitaraua oso zabala da; hilaren 1etik hasita 18ra arte egingo dituzte ekintzak, eta, tartean, irteera dezente egingo dituzte.
Hala ere, Gazteria Zerbitzuetako arduradunek jakinarazi digute ekintza bakarretarako izena emateko aukera ere badagoela. Horretarako azkeneko eguna ekainaren 22a izango da. Interesatuek aipatutako bi herritako edozeinetara, Gazteria Zerbitzuetara, jo beharko dute.
Aukera dute, baita ere, e-posta (gazteria@eskoriatza.net edo gazteria@aretxabaleta.net) edo telefonoa (943 79 54 46 edo 605 70 89 46) erabilita, izena emateko.
Irteerak eta ikastaroak
- Hilaren 3an, Gamarrara irteera egingo dute
- 4rako mendi irteera antolatu dute.
- Hilaren 5ean, eskaintza bikoitza izango dute gaztetxoek: paint ball-ean lehiatzeaz gain, hondartzara joango dira.
- Hilaren 10ean, Landara irteera egingo dute
- 12an afari-merienda eta film emanaldia.
- Hilaren 18an, Gorlizera irteera egingo dute.
Ekintza guztietan esku hartu gura duenak 65 euro ordaindu beharko ditu. Bestela, ekintza bakanetara joan daitezke.