Domekan, Udaberriko Txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte nagusien taldeko lehen mailakoek Bergarako Udal Pilotalekuan. Arrasateko Agirre eta Uribarrenek Bergarako Eneko Muguruza eta Larrañagaren aurka jokatuko dute finalerako pasea Usurbil eta Ozkarbikoekin batera. Iaz, arrasatearrek irabazi zuten Añorgaren kontrako finala 19-22ko emaitza lortuz.
Kadeteei dagokienez, Bergarako Mikel Gallastegi eta Beñat Rezusta finalerako sailkatuta daude. Hilaren 4an jokatuko dute Adunan. Arrasateko Arabaolazak eta Etxagibelek aldiz, finalerdiak jokatuko dituzte Erniopeko frontoian. Garaipena lortuz gero, Tartaloetxe eta Antiguako partiduko irabazlearen aurka jokatuko dute finala. Arrasateko Larrea eta Urrutia kadeteek ezin izan zituzten finalerdiak irabazi. Larrea lesionatuta egon zenez, ezin izan ziren Urnietako klubaren aurkako partidura aurkeztu. Gazte mailako Goitia eta Agirregabiriak garaipena lortu zuten Mundarroren aurka, hala ere, ezin izango dute finalerdia jokatu, laugarren postuan sailkatu zirelako. Moron eta Iturriotz alebinek taldearen buruan jarraitzen dute azkoitiarrak irabazi ostean. Narbaizak eta Bengoak, aldiz, ezin izan zituzten pilotari azpeitiarrak irabazi.
Lau eta erdiko txapelketak
Udaberriko txapelketan ez ezik, beste txapelketa batzuetan ere emaitza onak lortzen dabiltza pilotariak. Bergararren kasuan, Zaramagan kadeteak aurrera doaz eta eta Sestaoko lau eta erdiko txapelketan Beñat Rezusta kadetea eta Jon Larrañaga hogeita bi urtez azpikoa aurrera doaz.
Itziarko txapelketa asteburu honetan hasiko da. Honako hauek jokatuko dute: Mikel Gallastegi eta Beñat Rezusta, Lander Osa eta Oskar Zarazua (elgetarra). Bihar Elgetako lau eta erdiko txapelketa hasiko da. Bertan jokatuko dute Eneko Muguruza eta Jon Larrañaga.
Deba arroko txapelketa
Deba arroko txapelketan ere oso ondo moldatzen ari dira. Eguaztenean Lezamako txapelketako finala jokatu zuten Ander Muguruzak eta Jon Bengoetxeak. Bergararrak txapelketa bikaina jokatu zuen arren, ez zuen finala irabazi.
Arrasatearrei dagokienez, Antzinako Txapelketan Korta II eta Goikoetxea daude oraingoz, sailkapenaren buruan. Lopez de Munain eta Arroiabe bigarrenak dira, Etxebarria II eta Korta I hirugarren postuan daude.