UDA hirugarren mailako taldea da

Aretxabaletako preferente mailako futbol taldeak helburua bete du: Tolosa mendean hartu eta hirugarren mailara igotzea lortu du, 23 urteren ondoren.

Tolosako Berazubi futbol zelaian neurtu zituzten indarrak talde biek, zapatuan, 18:30ean hasita. Lehen zatian golik ez zen izan eta markagailuak 0-0 erakusten zuela joan ziren jokalariak atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala jarri zen UDA aurretik –Oinatz Agirrek sartutako golarekin– eta tolosarrena etorri zen gero. Hortik aurrera, berdinketari eusten saiatu ziren aretxabaletarrak, eta erasoan ibili ziren Tolosakoak. Norgehiagoka bukatzeko 2-3 minutu falta zirela, UDAren aldeko penalti bat adierazi zuen arbitroak eta gola egin zuen Imanolek: Tolosa 1-Aretxabaleta 2. Emaitza horrekin, zoramena lehertu zen harmailetan eta hainbat zale zelaira ere jaitsi ziren.

200 bat aretxabaletar joan ziren Tolosara

Helburua lortzen laguntzeko, autobusa antolatu zuen klubak Tolosara joateko, eta zaleek bikain erantzun zuten: leporaino beteta joan zen autobusa eta beste hainbeste zale edo gehiago autoz joan ziren; 200 bat, orotara. Arbitroak UDAren kontra ziharduela-eta haserre-uneak bizi izan zituzten zaleek, baina, azkenean, gozamena gailendu zen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.