Ziklismoko proba bi aste bukaeran: Uzarragako igoera zapatuan eta Gorlako igoera domekan

Xabier Urtzelai 2009ko martxoaren 27a

Aurten ere egutegiak batera ekarriko dizkigu Uzarragako eta Gorlako igoerak, zapatuan lehena (16:00) eta domekan bigarrena (10:00). Zapatuko lasterketan gazte mailako ziklistak elkartuko dira eta domekako hitzorduak amateur mailan 23 urtez azpiko puntako ziklistak batuko ditu –iaz 160 ziklista izan ziren–. Hori bai, iazko lasterketarekin alderatuta, aurten ez dago faborito garbirik.

Azkeneko urteotan moduan, iaz ere eguraldiak ez zuen lagundu, baina lasterketa ez zen 2005ekoa edota 2007koa bezain gogorra izan, edizio haietan ziklistek zuri-zuri zegoen Gorla igo behar izan zuten-eta –igoerak baino okerragoak izan ziren jaitsierak–. Lasterkariei dagokienez, azken edizioan Andrey Amadorrek (egun Caisse D'epargne taldean) erabateko nagusitasuna erakutsi zuen denboraldi hasierako lasterketetan, bai Soraluzen, bai Lauskizen eta baita Gorlan ere. Baina aurten inor ez dator horren indartsu, inork ez duelako garaipenik errepikatu. Soraluzen Mikel Landa (Naturgas Energia) izan zen onena, Aranguren Bailara sarian Unai Iparragirre (Bidelan Kirolgi) gailendu zen eta Muskizen, berriz, Mario Gutierrez (Lizarte) izan zen azkarrena.


Lasterketa horietan guztietan, baina, aurrealdean ibili dira iaz ibarreko lasterketa ezberdinetan besoak altxa zituzten Garikoitz Bravo (Caja Rural), Jon Pardo (Seguros Bilbao) eta Aitor Ocampos (Belca) ziklistak. Aurten, gainera, Caja Rural taldeko ziklistak gertutik jarraitu beharko ditugu, tropelean haiek izango direlako erreferentzia.

Gure ordezkariak
Urte gutxian, amateur mailan dabiltzan ibarreko ziklista kopuruak behera egin du nabarmen, 2007ko edizioan esku hartu zuten Larrea, Mugurutza, Arantzabal –iaz laugarrena Gorlako igoeran–, Perez, Nafarrate, Itziar, Anduaga eta konpainia erretiratuta daude-eta. Baina, kopuru txikiagoa izango bada ere, domekako lasterketan parte hartzekoak dira Asier Penabad (Debabarrena) eta Iban Caballero (Debabarrena) bergararrak eta Xabier Arnaiz oñatiarra (Bruesa). Eta esan gabe doa etxeko errepideetan lehiatuta tropelean gutxik hasiko dutela proba haiek baino motibatuago.

Zapatuan Uzarragako igoera

Gazte mailako lasterkariek, berriz, Uzarragako malda gogorrei egin beharko diete aurre zapatu arratsaldean (16:00). Eta proba horretan ibarreko ordezkari gehiago izango dira, Dorletako Amako, Sumofic Lokatzako eta Ulmako ziklistak izango dira-eta. Gainera, ibarrekoen artean ezin ditugu aipatu barik utzi Xabier Arantzeta eta Aitor Laskurain, etxeko proban korrituko duten bakarrak izango dira-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak