Txirrindularitza: Gonzalez Oñatin eta Bilbao Bergaran txapeldun

Lander Muñagorri 2010ko ira. 20a, 11:04
Asteburu honetan txirrindulari probak izan dira nagusi Debagoienan, izan ere, bi proba egin dira: zapatuan Oñatin eta domekan Bergaran. Bi hauek, gainera, Lehendakari txapelketarako puntuagarriak izan dira eta, Bergaran egindako lasterketarekin, amaitu da 23 urtez beherako txirrindularientzako txapelketa hau.

Lehendakari txapelketa Ramon Domene Seguros Bilbao taldeko txirrindulari alikantarrak irabazi du, bigarrenez jarraian. Bergarako lasterketa ez zuen amaitu, baina ez zuen beharrik izan.

Bergara eta Oñatiko probak

Zapatuan XXIII. Oñati saria –Etxebarri memoriala– lasterketa egin zen, 102 kilometroko proba. Jose Manuel Gonzalez Cueva el Soplao taldeko txirrindulari kantabriarra izan zen denetan azkarrena helmuga igarotzen, Jesus Ezquerra taldekidearen babesarekin. Bere lehen garaipena izan zen. “Oñatitik oroitzapen gozoa” eraman zuen, bere hitzetan. Hirugarren sailkatua, eta mendiko trofeoaren garaile era berean, Jordi Simon Caja Ruraleko kirolaria izan zen.

Taldekako saria Cueva el Soplaok irabazi zuen. Probako garaile Jose Manuel Gonzalezek, saria jaso ondoren, bere taldekideek egindako lana nabarmendu zuen, ihesaldi guztietan parte hartu baitzuten.

Domekan, bestetik, Bergaran XLV. Martin deunaren saria jokatu zen. Bertan, Pello Bilbao Naturgas Energiako txirrindulari forutarrak eraman zuen garaipena. Atzetik sartu ziren Jordi Simon eta Alejandro Sivori Latorre-Palplastic taldeko txirrindulariak. Bergaran azkarrena izan zen Bilbaok adierazi zuenez, “aspaldi ez nuen garaipenik lortzen, beraz, modu onean amaitu dut denboraldia”. Lehendakari txapelketaren sailkapenak era nabarmenean eragin zion domekako lasterketari, Seguros Bilbao eta Naturgas Energiako txirrindulariak  elkar zaintzen aritu baitziren, uneoro.

Zapatuko lasterketan, Debagoieneko ordezkari bakarra izan zen, Xabier Aranzeta antzuolarra, baina ez zuen amaitzerik izan. Aranzeta Bergaran ere irtetekoa zen baina, azkenean,ez zuen parte hartu.

Sailkapenak eta  denborak

XXIII. Oñati saria

Jose Manuel Gonzalez    02:31:22   
Jesus Ezquerra    02:31:25   
Jordi Simon    02:31:32   
Jesus Herrero    02:31:50   
Joaquin Sanchez     02:31:50   
Unai Intziarte     02:31:50   
Steve Bekaert     02:32:02   
Mikel Elorza     02:32:10   

XLV. Martin Deuna saria

Pello Bilbao    02:23:41   
Jordi Simon    02:23:58   
Alejandro Sivori    02:25:00   
Adrian Lopez    02:25:00   
Antonio Pedrero    02:25:00   
Aitor Gonzalez     02:25:00   
Sergio Angulo     02:25:00   
Jesus Herrero     02:25:34   

Lehendakari txapelketa

Ramon Domene (Seguros Bilbao)
Ibai Salas            (Seguros Bilbao)
Pello Bilbao     (Naturgas Energia)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak